Mundualdia

"Lanean segi behar dugu, gizarte kohesionatu bat eraikitzeko"

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 17a, 09:55

Sorterrien Usurbil, bertako jatorri aniztasuna plazaratu du beste urte batez, larunbat honetako Mundualdiak. "Egun handia eta garrantzitsua da guretzako gaurkoa, izan ere gaur plaza honek beste itxura bat hartu du. Munduko jolasek hartu dute gaur plaza eta orain munduko koloreek, zaporeek eta doinuek hartuko dutelako herriko plaza", zioen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak Mundualdiaren arratsalde parteko ekitaldien hasieran.

Larunbat honetan, "plaza honek Usurbilen bizi dugun jatorri eta kultura  aniztasuna islatzen du. Elkar ezagutzen eta elkar topatzen jarraitzeko aukera paregabea eskaintzen digu gaurko jaialdiak, azken batean Mundualdiak guztion aterpe izan nahi duelako".

"Esanahi handikoa"
Jaialdi musikatu, koloretsu, zaporetsu eta desberdin bezala definitu dute beste behin hitzordu hau, baita "esanahi handikoa" ere, edozein dela ere sorterria "usurbildar guztion berdintasuna" aldarrikatzen duena, "non gure borondatea adierazten dugun elkarbizitza eta lankidetza esparruak sortzeko, harremanak finkatzeko eta gure artean hobeto elkar ezagutzeko".

Udalerri honetako jatorri aniztasuna plazaratzen du urtero jaialdi honek. Eremu honetan ere Usurbil eraldatzen doala nabarmen du alkateak aurtengo edizioaren hasieran. "Gure herrian jatorri desberdinetatik etorritako geroz eta herritar gehiago gara eta, ondorioz, jatorri, kultura, hizkuntza, erlijio eta orohar, identitate aniztasuna bizi dugu eta hori bada erronka bat gure herriarentzat".

"Bizitza duina garatu ahal izatea" amets
Aurrera begira egin beharrekoaz jardun zuen. "Xenofobia eta arrazakeria nagusitzen ari den garai hauetan, eskuin muturraren gorakadaren ondorioz, argi daukagu ezinbestekoa dela etorkizunari begirako oinarri sendoak eraikitzea gure herriaren identitate aniztasun hori errespetatzeko, denok edozein tokitan amets bera dugulako, bizitza duina garatu ahal izatea".

Aniztasuna mehatxua baino aberastasuna dela gogorarazi zuen eta "horretan sakondu behar dugu". Errealitate hau areagotu egingo da hurrengo urteotan. Horregatik, "lanean segi behar dugu orain, gizarte kohesionatu bat eraikitzeko, multikulturartekotasuna eta multidibertsitatea onartuko dituena".

Eskertza
Lanketa horretan sakontzen ari da jatorri askotariko herrikideekin osaturiko Aniztasun Kontseiluak. "Azken hilabeteotan buru-belarri aritu gara Usurbil harrera herri izateko, eta bagoaz pixkanaka ekimen ezberdinak martxan jartzen. Helburu horrekin antolatu dugu gaurko Mundualdia".

Aurtengo Mundualdia ahalbidetu duten herrikideak eskertu nahi izan ditu alkateak.