Mundualdia

"Herri bakar bat gara"

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 17a, 09:37

Askotariko sorterri eta herrikideez osaturiko Usurbil batua aldarrikatu dute aurtengo Mundualdia sustatzen aritu direnek, hasiera ekitaldian hitza hartu dutenean.

Larunbat honetan, jatorri aniztasuna plazaraturiko Mundualdiak erdigunean kokatu ditu sorterri guztietako usurbildarrak. Hasiera ekitaldian hartu dute hitza, esker ona adierazteko. Partekatzeko gogoz plazaratu direla nabarmendu dute. "Gaurkoa egun berezia da eta ospatzekoa. Guretik zertxobait eskaini nahi dizuegu, zuek gurekin zuen herria partekatzen duzuelako, irribarre sentitu baten bidez".

Izan ere, "leku egokian egotearen ongizatea eta segurtasuna sentitzen dugu eta hori jendeak soilik egin dezake, Usurbil osatzen duen familiak, gaur egun baita gure etxea denak". Etxe partekatua dela gogorarazi digute esker onez, "gaur herri bakar bat gara, lurralde bakarra".

"Batu gaitezen gehiago"
Mundualdian sumaturiko lurralde bakar hori egunerokoa izan dadin, oraindik bada zer egina, ordea. Horregatik deialdi argia egin dute. "Borrokatu eta denon artean hautsi dezagun irudizko horma hori eta batu gaitezen gehiago. Herri bakar bat izan behar dugu denok batera. Gora Usurbil eta usurbildarrak!", goraipatu zituen hitza hartutako herrikideetako batek.

Jatorri askotariko herrikideak ditugu Usurbilen, bizi egoera ezberdinek erakarritakoak denak; tartean, bizimodu benetan zailek. "Hemen, Euskal Herrian, babesa, segurtasuna aurkitu dugu gutako gehienok, gatazkan, gerran, arazoetan diren herrialdeetatik gatoz eta".  Izan ere, gogorarazi duten moduan, "inork ez du bere herritik joan nahi" izaten. Horregatik, gure artera etorri eta esker ona adierazi izan dute, hemen aurkitutako bizikidetza eta segurtasunagatik, "hemen aurkitu dugun guztiagatik".