Hurbilago

Erosketa-bonuak eskuragarri bihartik

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 18a, 08:47

Argazkia: artxibokoa.

Asteartetik aurrera, erosketa-bonuak eskuratzeko aukera izango da Potxoenean, ostiraletik aurrera online bidez baita.

Urte amaierara begira garen honetan, bueltan datorren Hurbilagoren kanpainari adi. Astearte honetatik aurrera, erosketa bonuak jarriko dituzte guztion eskuragarri. Hala diote, aste honetako NOAUA! bidez plazaratu duten iragarkiak: "ordaindu 20 euro eta eskuratu 30 euro", 10 euroko deskontua beraz, aipatu merkatarien elkarteko saltokietako erosketetarako.

Bonu hauek eskuratzeko bi modu izango dira. Modu presentzialean jasotzeko hiru egun finkatu ditu Hurbilagok azaroaren 19tik 21era Potxoenean:
-Azaroak 19: 13:00-15:00 / 17:00-19:00.
-Azaroak 20: 17:00-19:00.
-Azaroak 21: 10:00-12:00.

Online bidez, azaroaren 22tik aurrera eskuratzeko aukera izango da baita gertuago.eus atarian.

650 Usurbil Bizi otarrak
Kulturgunearekin eta Udalarekin batera, Hurbilagok sustaturiko 650 Usurbil Bizi otarren kanpaina ere bueltan da. Urte amaieran zozketatuko dira eta prestaketa lanak abiarazi dituzte antolatzaileek. Izan ere, azaroaren 24ra arteko epealdia dute herriko sortzaileek eta ekoizleek otarrotarako produktuak eskaintzeko.

Parte hartzeko baldintzak
a) Kultura eta sormen industriako jardueretarako:

  1. Usurbilen erroldatutako herritarra edo elkartea izatea, eskaerak egiteko epea zabaldutako lehen egunean (2024ko azaroaren 14an).

  2. Eskainitako produktuaren egilea edo autorea izatea. Taldean egindako lanak badira, taldekideen %33k, gutxienez, Usurbilen erroldatua egon behar du.

  3. Azken 5 urteetan merkaturatutako produktua izatea (deialdia zabaldutako egunetik kontatzen hasita).

  4. Kultura eta sormenaren industriako ondorengo jarduera-adarren bateko eragilea izatea: musika, literatura, arte eszenikoak, ikusmen-arteak, bestelako kultur diziplinetako eragileak, moda diseinatzaileak eta sormen industriako bestelako eragileak.

b) Lehen sektorea, ostalaritza eta elikaduraren industriako ekoizleentzat:

  1. Lehen sektorea: nekazaritza edota abeltzaintzaren sektoreko jarduera bat izan eta ekoizpen-ustiategia Usurbilen daukatenak.

  2. Elikadura-industriako ekoizleak: Usurbilgo lursailetan kokatutako nekazaritza edota abeltzaintzako ekoizpen propioa duten sagardogileak eta elikadura-industriako bestelako ekoizleak.

  3. Elikadura-produktuak eskaintzen dituzten ekoizleek, jakien osasun erregistroan inskribatuta egon beharko dute edo osasun-baimena izan, hala dagokien kasuan.


Egutegia
Azaroak 14-24
Ekoizleen izen-ematea lotura honetan: https://labur.eus/zWLlX

Azaroak 25-26
Ekoizleek eginiko eskaintzak eskatutako baldintzak betetzen diren aztertuko du ekimenen honen sustatzaileek osatutako lantaldeak. Egiaztapena eginda, egindako eskaintzaren onarpena bidaliko zaie ekoizleei. Jakinarazpen horretan eskainitako produktuak non eta noiz entregatu behar diren ere zehaztuko da.

Abenduak 1, igandea
13:00 650 Usurbil Bizi otarraren aurkezpena Hurbilagoren Udazkeneko Azokan. Otarraren erakusmahai bat jarriko da.

Abenduak 2-28
Gabonetako otarren zozketan parte hartzeko txartelak eskuratzeko aukera, herriko saltokietan eginiko erosketen truke.

Abenduak 28, larunbata
Otarren zozketa saltokietan.

Abenduak 29, igandea
13:00
Otarren entrega ekitaldia Usurbilgo frontoian.

Informazio gehiago, gertuago@gertuago.eus helbidean edo 652 085 811 telefono zenbakian.