Duela hilabetetik ez dugu inolako abisu edo alertarik izan, datozen orduotan bai, ordea. Euskalmet meteorologia agentzia ohartarazten hasia denez, prezipitazio iraunkorragatik abisu horian izango gara asteazken goizaldeko 6:00etan hasi eta ostegun goizaldeko 6:00ak arte. 24 orduko tartean, "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 24 ordutan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke, bereziki kostaldean. Euri txiki-ertaina eta iraunkorra egingo du".
Momentuz, astearte honetan, azaroaren 19an, "zerua hodeitsu egongo da" Usurbilen. Euskalmet-en arabera, "arratsaldean ostarteak zabalduko dira. Euria egingo du noizbehinka. Mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin, batez ere azken orduetan. Tenperaturan aldaketarik ez".
Asteazkenean ere giro goibelarekin segiko dugu, baina "euria sarri egingo du. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin, batez ere egunaren hasieran. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".
Ostegunean, "goiz-lanbroa. Zerua hodeitsu egongo da, arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira. Euri txikia egingo du, goizaldean eta gauean noizbehinka ertaina. Mendebal/hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin; arratsaldean indartu egingo da eta gauean ipar-mendebaldera egingo du. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez eta maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso dezakezue.