Prezipitazio iraunkorragatik abisu horian ostegun goizaldera arte

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 20a, 09:36

Prezipitazio iraunkorragatik abisu horian gara asteazken goizalde honetatik. 24 orduz segiko dugu egoera berean, ostegun goizeko 6:00ak arte.

Euria ari du asteazken goiz honetan eta gogotik egin dezake datozen orduotan. Izan ere, goizaldeko 6:00etatik abisu horian gara prezipitazio iraunkorragatik eta hala segiko dugu 24 orduz, ostegun goizeko 6:00ak arte. Tarte horretan, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 24 ordutan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke, bereziki kostaldean. Euri ertaina, iraunkorra eta oso ugaria egingo du".

Euritan
Honenbestez, gaur, azaroak 20, Usurbilen, "giro goibela" izango dugu Euskalmet-en arabera eta "euria sarri egingo du. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin, batez ere egunaren hasieran. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".

Ostegunean, "goiz-lanbroa. Zerua hodeitsu egongo da, arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira. Euri txikia egingo du, goizaldean eta gauean noizbehinka ertaina. Mendebal/hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin; arratsaldean indartu egingo da eta gauean ipar-mendebaldera egingo du. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez eta maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Ostiralean, "zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da; goizean hodeiak gutxitu egingo dira eta arratsaldean zerua hodei gutxirekin edo partez hodeitua geratuko da. Egunaren lehenengo partean euri txikia egingo du, bereziki goizaldean. Ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin; goizean haizeak ipar/ipar-ekialdera egin eta indarra galduko du. Arratsalde-gauean hego/hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogor batzuekin gauean. Tenperatura nahikoa jaitsiko da".

Informazio eguneratuaren berri euskalmet.eus atariaren bidez jaso ahalko duzue.