Igandera arte egin ahalko dira 650 Usurbil Bizi otarrerako eskaintzak

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 20a, 11:59

Urte amaieran zozketatuko diren 650 Usurbil Bizi otarrak herri ekoizpenaz eta sorkuntzaz hornitzeko zozketatuko dira urte amaieran. Prestaketa lanak abiarazi dituzte antolatzaileek; gaurtik hasi eta azaroaren 24ra arteko epealdia dute herriko sortzaileek eta ekoizleek otarrotarako produktuak eskaintzeko.

Herri sormena, herri ekoizpena, herriko saltokien eskutik herriarentzat opari aurten ere, Usurbilgo Udalak, Kulturguneak eta Hurbilagok sustaturiko 650 Usurbil Bizi otarra. Albiste hau hain zuzen, hornitzaileei zuzendurikoa da. Izan ere, ekimenaren antolatzaileek 650 Usurbil Bizi otarrerako sormen nahiz ekoizpen gaien eskaintza egiteko izen-emateko tartea izango dute igandera arte, azaroaren 24ra arte.

Segidan dituzue zeintzuk diren parte hartzeko baldintzak. Lantaldeak eginiko egiaztapenen ondoren, abenduan bideratuko da otarren kanpaina. Lehenbizi, Hurbilagoren Udazkeneko Azokan aurkeztuko da, gero herriko saltokietan otar hauen zozketan parte hartzeko txartelak eskuratu ahalko dira erosketen bidez.

Gogoan izan, helburu bikoitza izaten du honek; herri ekoizpena bistaratu, ikusgarri egin eta herri ekoizpen honen kontsumoa bultzatzea. Modu honetan, otar horiek herriko kultur eta sormen lanez nahiz tokiko lehen sektoreko, ostalaritza eta elikaduraren industria gaiez hornituko dira.

Urte amaieran egingo da otarren zozketa eta banaketa. Segidan duzue antolatzaileek plazaraturiko egutegi zehatza.

Parte hartzearekin pozik
Gogoan izan, ekimen hau antolatzen duten hirugarren aldia izango dela aurtengoa. Aurreko bi edizioetako balantza baikorra egin dute antolatzaileek, "herriko eragileen parte-hartzea altua izan zelako". Hemen jakinarazi dituzten datuen berri:

Parte hartzaileak 2022 2023
Ekoizleak 34 29
Saltokiak 18 16
Banatutako otarrak 90 102

Ekoizle eta saltoki kopurua murriztu zen arren 2022tik 2023ra, otar gehiago banatu ziren iaz, duela bi urte baino.


650 Usurbil Bizi Otarra
Parte hartzeko baldintzak
a) Kultura eta sormen industriako jardueretarako:

  1. Usurbilen erroldatutako herritarra edo elkartea izatea, eskaerak egiteko epea zabaldutako lehen egunean (2024ko azaroaren 14an).

  2. Eskainitako produktuaren egilea edo autorea izatea. Taldean egindako lanak badira, taldekideen %33k, gutxienez, Usurbilen erroldatua egon behar du.

  3. Azken 5 urteetan merkaturatutako produktua izatea (deialdia zabaldutako egunetik kontatzen hasita).

  4. Kultura eta sormenaren industriako ondorengo jarduera-adarren bateko eragilea izatea: musika, literatura, arte eszenikoak, ikusmen-arteak, bestelako kultur diziplinetako eragileak, moda diseinatzaileak eta sormen industriako bestelako eragileak.

b) Lehen sektorea, ostalaritza eta elikaduraren industriako ekoizleentzat:

  1. Lehen sektorea: nekazaritza edota abeltzaintzaren sektoreko jarduera bat izan eta ekoizpen-ustiategia Usurbilen daukatenak.

  2. Elikadura-industriako ekoizleak: Usurbilgo lursailetan kokatutako nekazaritza edota abeltzaintzako ekoizpen propioa duten sagardogileak eta elikadura-industriako bestelako ekoizleak.

  3. Elikadura-produktuak eskaintzen dituzten ekoizleek, jakien osasun erregistroan inskribatuta egon beharko dute edo osasun-baimena izan, hala dagokien kasuan.


Egutegia
Azaroak 14-24
Ekoizleen izen-ematea lotura honetan: https://labur.eus/zWLlX

Azaroak 25-26
Ekoizleek eginiko eskaintzak eskatutako baldintzak betetzen diren aztertuko du ekimenen honen sustatzaileek osatutako lantaldeak. Egiaztapena eginda, egindako eskaintzaren onarpena bidaliko zaie ekoizleei. Jakinarazpen horretan eskainitako produktuak non eta noiz entregatu behar diren ere zehaztuko da.

Abenduak 1, igandea
13:00 650 Usurbil Bizi otarraren aurkezpena Hurbilagoren Udazkeneko Azokan. Otarraren erakusmahai bat jarriko da.

Abenduak 2-28
Gabonetako otarren zozketan parte hartzeko txartelak eskuratzeko aukera, herriko saltokietan eginiko erosketen truke.

Abenduak 28, larunbata
Otarren zozketa saltokietan.

Abenduak 29, igandea
13:00
Otarren entrega ekitaldia Usurbilgo frontoian.

Informazio gehiago, gertuago@gertuago.eus helbidean edo 652 085 811 telefono zenbakian.