23. Erle Eguna

"20.000 erle espezie" film saritua larunbatean Sutegin

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 20a, 12:02

Igandeko 23. Erle Egunaren bezperarako film proiekzioa antolatu du Erle Lagunak taldeak Sutegin.

Film ezin egokiagoa igandeko 23. Erle Egunerako girotzen hasteko. Izan ere, "20.000 erle espezie" ("20.000 Especies de Abejas") filma proiektatuko du Erle Lagunak taldeak ospakizun egun horren bezperan, azaroaren 23an Sutegin.

Izenburuak soilik ez mamiak ere badu lotura estua biharamunean izango dugun Usurbilgo urteroko hitzordu gozoenarekin. Iaz filmatutako ikus-entzunezko lan honen hariak erlezaintzaren mundura gerturatuko gaitu.

Berlin nahiz Malagako zinemaldietan, Feroz, Goya edota Europako Zinearen sariketetan saritua izan da Estibaliz Urresola Solagurenek zuzenduriko filma.

23. Erle Eguna: film proiekzioa
Eguna: azaroak 23, larunbata.
Ordua:
22:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Film proiekzioa: "20.000 Especies de Abejas".
Zuzendaria eta gidoia: Estibaliz Urresola Solaguren.
Interpreteak: Patricia Lopez Arnaiz, Ane Gabarain, Itziar Lazkano, Martxelo Rubio, Sara Cozar, Unax Hayden, Sofia Otero eta Patricia Lopez Arnaiz.
Sinopsia: "Hiru Goya sari jaso dituen filma: Jatorrizko gidoi onena, zuzendari berri onena eta taldeko emakumezko aktore onena. Cocók zortzi urte ditu. Ez dator bat gainontzekoek berarengandik espero dutenarekin, eta ez du ulertzen zergatik. Inguruko guztiek beti Aitor deitzen dioten arren, berak ez du bere burua izen horrekin identifikatzen. Anek, bere amak, oporrak aprobetxatuko ditu bere hiru seme-alabekin amaren etxera joateko. Bertan bere ama Lita eta izeko Lourdes erlezaina bizi dira. Uda honek bizitza aldatuko die". 

Antolatzailea: Erle Lagunak.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.