23. Erle Eguna

Zentzumenak dantzan jarriko dituen urteko azoka gozoena badator

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 20a, 12:10

Azaroaren 24an 23. Erle Eguna ospatuko da. Goizean zehar, frontoian egingo diren hainbat ekimenetan parte hartzeko aukera egongo da.

Iaz itzulitako urteko hitzordu gozoena ate joka dugu berriz. Azaroaren 24an ospatuko da 23. Erle Eguna. Aurtengoan ere erakargarri askoak diren berrikuntzak iragarri dituzte antolatzaileek. Izan ere, Erle Lagunak taldetik aurreratu dutenez, guztiok dastatu ahalko dugun ekintza bat berreskuratu dute aurtengorako; yogurta eztiarekin banatuko dute bertaraturikoen artean, garai batean egiten zuten bezalaxe. Gorrotxategik bere txokolate postua ekarriko du.

Lehiaketei dagokienean, Euskal Herri mailako ezti txapelketarekin batera, gogoan izan, gozogintza txapelketan ere parte hartzeko aukera izango da. Osagai gozoren bat duen postrea sukaldatu besterik ez duzue egin behar eta azaroaren 24an goizeko lehen orduan frontoian antolakuntzari helarazi. Haurren artean ere Erle Egunari lotutako marrazki txapelketa egingo dute aurten ere, baina ekimen hau Udarregi ikastolarekin nahiz Aginagako eta Zubietako eskolekin bideratuko dute antolatzaileek.

Haurrak aipatuta, hortxe aurtengo berrikuntzetako bat. Haurrek kandelak egiteko postua kokatuko dute aurtengo Erle Egunean. Aurrez izena eman gabe parte hartu ahalko dute gaztetxoenek bertan.

Ohi bezala, azoka gozoena, erleak, eztia… izango ditugu hilaren 24ko protagonisten artean. Aurtengoan, ordea beste osagai berri bat erantsi diete ospakizun egun honi. Izan ere, Erle Eguna izatez bezperan hasiko da. Larunbat gauerako “20.000 especies de abejas” filma proiektatuko dute Sutegin. Esan beharrik ez da egun honekin duen ageriko lotura. Baina aipatzekoa da baita, izenburutik hasita soilik antolakuntza taldearekin ere baduela zerikusirik. Erle Lagunak taldeko kideetako bat, Julian Urkiola ageri da Estibaliz Urresola Solagurenek zuzenduriko hainbat Goya eta Gaudi sari jaso dituen ikus-entzunezkoan; berea duen egitekoan, erlezain gisa.


23. Erle Eguna
Azaroak 23, larunbata
22:00
"20.000 Especies de Abejas" film proiekzioa Sutegin.
Sinopsia: “Cocók zortzi urte ditu. Ez dator bat gainontzekoek berarengandik espero dutenarekin, eta ez du ulertzen zergatik. Inguruko guztiek beti Aitor deitzen dioten arren, berak ez du bere burua izen horrekin identifikatzen. Anek, bere amak, oporrak aprobetxatuko ditu bere hiru seme-alabekin amaren etxera joateko. Bertan bere ama Lita eta izeko Lourdes erlezaina bizi dira. Uda honek bizitza aldatuko die". 

Azaroak 24, igandea
09:00-10:00
Ezti eta gozogintza bilketa.
11:00-14:00 
- Azoka. Postuetako salmenta.
- Erakusketak Sutegin: Erleak, eztia ontziratzeko prozesua... Marrazki Lehiaketako lanak, bideoak.
11:00 Ezti dastaketa frontoian/Eztia eta txokolatearekin egindako goxoak/Jogurta eztiarekin banatuko da.
13:30 Euskal Herriko XXIII. Ezti Lehiaketako sari-banaketa: Ezti Lehiaketako irabazleak, Gozogintzako irabazleak, Marrazki Lehiaketako irabazleak.

Antolatzailea: Erle Lagunak.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.