Euskalmet meteorologia agentziak prezipitazio iraunkorragatik ostegun goizalde honetara arte iragarritako abisu horia bertan behera geratu den arren, euritan segi dezakeela iragarri dute ostegun arratsalde honetan. Gaur arratsalderako hain zuzen, Zumarte Musika Eskolak Santa Zezili egunari begirako ospakizunak iragarriak zituen; Sutegiko kontzertua batetik eta haren aurretik, kalejira eta kalejira horren baitan, 40. urteurreneko ekintzei hasiera emateko hitzordua.
Antolatzaileek ohartarazi dutenez, eguraldia tarteko, kalejira eta urteurreneko ospakizunen hasiera bertan behera utzi dituzte, Sutegiko kontzertua ez. Kultur-etxeko auditorioan talde instrumentalek eskainiko duten emanaldia aurreikusi moduan egingo da.
Kalejira eta 40. urtemugako ospakizunen hasiera, aldiz, astebete atzeratzea erabaki dute. Azaroaren 28an egingo dira hitzorduok.
Zumarteren 40. urtemugako ospakizunen hasiera
Azaroak 21, osteguna
19:00 Sutegin, talde instrumental desberdinen kontzertua.
Sarrera: doan.
Azaroak 28, osteguna
18:00 Santa Zeziliren omenez Euskal Herriko Musika Eskola guztiak bateratuta, kalejira egingo Usurbilgo kaleetan zehar, trikitixa-pandero eta haizezko zein perkusioko instrumentuekin batera.
18:30 Zumarte Musika Eskolaren 40. urtemugako ospakizunen hasiera Mikel Laboa plazan.
Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.
40. urtemuga ospatzera
Hamaika trebakuntza saio, emanaldi, dinamika eta bizipen. Horiek denak oroitu eta omentzeko tartea hartuko du datozen hilabeteotan Zumarte Musika Eskolak. Izan ere, lau hamarkadako ibilbidea osatu du eta betetako berrogei urteak ospatzera doaz. Gorazarre urte honen abiapuntu gisa baliatu asmo zuten, haien egun handia, musikariena den hilaren 22ko Santa Zezili eguna. Bezperan, ostegunean, azaroaren 21ean Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak antolaturiko Musikalean ekimenarekin bat egitekoa zen urtero moduan; lehenbizi, kalejiran irtengo dira Zumarteko instrumentu talde hainbat eta gero Sutegin kontzertua eskaintzekoa zuten. Eguraldiagatik, azkenean, kalejira hilaren 28an egingo da.
Hitzorduokin hasiera emango diete musika eskolakoek bete dituzten berrogei urteen ospakizunei. Antolatzaileek hilaren 28ko “txupinazo” gisa definiturikoa parte hartzailea izatea nahi dute. Frontoi atzera hurbildutako guztiekin abestuz hasi nahi dute 40. urtemuga. Horretarako euskal kanta ezagun bat hautatu dute; “Egun da Santimamiña”. Abesti horren letra egokitu dute. Izan ere, Zumarteri lotutako letra sortu dute. Kalejiran zehar ikasleek joko dute, baita ekimen horren baitan, 40. urtemugako ospakizunen hasiera ekitaldian ere. “Nahi duguna da jendea gerturatzea kanta horren gainean abestera. Kalejirako instrumentu guztiak eta agertzen diren guztiak abestea” da erronka. Abestiaren letra ekitaldi unean bertan banatuko dute antolatzaileek. Doinua ezagutzea aski izango da; “doinu erraza eta herrikoia” dela nabarmendu dute deitzaileek. “Ahotsa berotuta etorri”, egin dute gonbita.
Parte hartzailea
Kanta hau abestuta ekingo diete musika eskolakoek ospakizun urte bereziari. Zereginotarako Zumarteren baitan osatu duten batzordetik NOAUA!ri jakinarazi diotenez, asmoa hilero ekimenen bat antolatzea da, ohi den moduan, musika eskolatik iragarri izan direnez gain. Azaroaren 28ko hitzordua izango da abiapuntua; azkena, aldiz, ekainean ikasturtea agurtzeko antolatu ohi duten emanaldia, 2025ekoa 40. urtemuga jaialdiak bilakatuko dutena.
Tarte horretan, denetariko ekitaldiak tartekatu nahi dituzte, baina batez ere argi dute; kalean, herrian eta herriarekin ospatu nahi dute urteurren hau eta jai giroan. Musika ezinbesteko osagaia izango duten estilo eta formatu ezberdinetako ekitaldiei leku eman asmo diete, baina batez ere parte hartzaileak izatea sustatu nahi dute. Horretarako, lau hamarkada hauetan bidelagun izan dituzten lankide, ikasle eta gurasoak erakarri nahi dituzte, iraganekoak, egungoak eta etorkizunean Zumarteko kide izan daitezkeenak.
Prestaketetan
Irudia ere sortu diote urtemuga ziklo honi, kideetako batek Iñaki Zugastik landu duena. Dagoeneko ikusgarri egin dute musika eskolaren egoitza berrituaren balkoian. Hizki gorriz ageri den eskolaren izenari 40 zenbakia erantsi dio Zugastik.
Ekarpenak egin eta antolakuntza lanetan lagundu nahi dutenentzako oharra; batzorde hau asteazkenero biltzen da Zumarte Musika Eskolan bertan, beheko solairuan, ikastaroen gelan, arratsaldeko 17:30etan.