Inoizko laguntza handiena jaso du Errigoraren kanpainak euskalgintzarako

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 21a, 10:43

Argazkia: Errigora.

Eskatutako 16.000 saskiei esker, 230.000 eurotik gorako laguntza jasoko du Nafarroa erdialde eta hegoaldeko euskalgintzak.

Balantze ezin gozoagoa egin du Errigorak "Agerreko uzta euskarari puzka!" udazkeneko kanpainako eskaerak egiteko epealdia amaitu berritan. Gogoan izan, urriaren 24tik azaroaren 14ra arteko tartea finkatu zuten Nafarroan ekoitzitako produktu sortaz hornituriko kaxak eskuratzeko. Hiru genituen aukeran.

Tokiko ekoizpena sustatu eta Nafarroa erdialde zein hegoaldeko euskalgintza laguntzea xede duen elkartasun kanpainaren harrerarekin pozarren dira Errigorako kideak. Guztira, 16.000 saski eskatu dira eta haien bidez, 230.000 eurotik gora bideratuko dira Nafarroa erdi eta hegoaldeko, hau da, "Ager zonaldeko euskalgintzara (AEK, ikastolak, Sortzen eta Agerraldia). Kopuru hau inoiz saskien bidez lortu den handiena da, beraz, badugu zer ospatu".

"Jarrai dezagun auzolana indartzen!"
Errigoratik gogorarazi dutenez, auzolana gakoa izan da emaitza hauek izateko. "Ezin hobeak diren emaitza horien atzean komunitate oso baten ahalmen eta ahalegina dagoela argi gelditu da. Errigoraren komunitatea osatzen duten bolondres, ekoizle eta kontsumitzaileek jarritako indarrari esker lortu dugu aurtengo kanpainaren arrakasta. Auzolanari esker soilik da hau posible!". Horregatik, adierazi dutenez, "jarrai dezagun auzolana indartzen!".

Auzolan horren adibide dira asteotako ekimenak; "azaroaren 9an Ablitasen bildu ginen 200 lagunen artean osatutako 4.000 saski berdeak, edota ekoizleek auzolanean sortutako guztiak".

Usurbilen ere hainbat kaxa eskatu dituzue. Heltzear dira. Datorren astean, azaroaren 28an eta 29an zuei helarazi asmo ditugu. NOAUA! Kultur Elkartean jasotakoan jakinaraziko dizuegu, bila etor zaitezten.


Zuberoako ikastolen aldeko otarrak
Abian jarraitzen du, bestalde, Zuberoako ikastolak laguntzeko elkartasun kanpainak, baina azken txanpan da dagoeneko. Ostiral honetara arte, azaroaren 22ra arte egin ahalko dituzue eskabideak NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan edo ikaskoli.eus web orrialdearen bidez.

Hiru saskiok izango dituzue aukeran:
-Pettarra (50 euro): Ahate gibel berrosatua, eztia, ardi gazta kiloa, bixkotx gatzatuak, pastak.
-Arbaila (57 euro): eztia, bixkotx artisanalak, bi gazta zati, bixkotx gazituak, erreximenta, tisanak, pastak.
-Basabürüa (68 euro): xerri patea, bixkotx artisanalak, ardi gazta kg., xahalki axoa, lukainka idorra, pastak.

Saskien banaketa abenduaren 15eko San Tomas azokan egingo da, Nafartarrek jarriko duten postuan hain zuzen. Egun horretan ezin badituzue jaso, biharamunetik, hilaren 16tik aurrera, NOAUA! K.E.-ren egoitzan hartu ahalko dituzue.

Informazio gehiago, ikaskoli.eus atarian.