Azaroaren 30ean

Elkarrekin Eguna, emakumeak jarduera fisikora erakartzeko

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 21a, 14:35

Usurbilgo emakumeen artean jarduera fisikoa sustatzeko eta ohitura honen bidez, emakumeak batzeko Elkarrekin Eguna antolatu dute azaroaren 30ean.

 

Usurbilgo emakumeen batasuna aldarrikatuko duen goiza antolatu dute udal kirol eta parekidetasun sailek azaroaren 30erako; "Elkarrekin Eguna", izenak dioen moduan, herriko emakumeen topagune izan nahi duena. Emakumeek jarduera fisikoa egitea sustatzea izango du xede nagusi, entrenamendu saioa eta elikadurari buruzko tailerra uztartuko dituen hitzordu honek.

"Elkarrekin leloa aukeratu dugu. Kontzeptu hori bera, ekintza eta komunitatea barnebiltzen dituelako aproposa iruditu zaigu", azaldu du Ainhoa Arrozpide Landa zinegotziak ostegun eguerdi honetan eginiko aurkezpen agerraldian. Zehaztu duenez, "elkarrekin dena errazagoa da eta programa honen bidez, Usurbilgo emakumeen batasuna eta komunitatea landu nahiko genituzke, zapatilak jantzi eta edozein jarduera fisiko egitera animatuz".

Lelo hau ez dute soilik azaroaren 30eko hitzordura begira sortu, iraunkorra izango da aldarri hori. "Aurten ez-ezik, datozen urteetan ere emakumeak jarduera fisikoa egitera bultzatzeko antolatzen diren ekimenetan ere lelo horixe bera erabiliko dugu, kamisetetan ikusten den moduan".

Bi hitzordu
Aurten, hilaren 30ean Oiardo kiroldegian egingo den Elkarrekin Egunaren aurretik, antolatu izan dute ildo honetatik ekimenik. "2022an, adibidez, zoru pelbikoaren ikastaroa" antolatu zuten; "harrera ona izan zuen, oso ona esango nuke", Arrozpideren esanetan, "eta gaur egun, hori bera Emakumeon Etxearen bidez eskaintzen da. Iaz ere entrenamendu funtzional saioa egin zen Mikel Laboa plazan, Foru Aldundiak bultzatutako Emakumeak Mugimenduan kanpainarekin bat eginda".

Aurten, aipatu moduan, Oiardo kiroldegia hautatu dute Elkarrekin Eguna bideratzeko. Azaroaren 30ean izango da, goiz partean. Bi ekintza antolatu dituzte; hasteko, MOOV gimnasioaren laguntzarekin bideratuko den emakumeentzako entrenamendu funtzionala, maila guztiei zuzenduriko saioa izango dena. Segidan, Andoni Zubeldia herrikide nutrizionistak hamaiketako osasungarriari buruzko tailerra eskainiko du. Jarduera fisikoari eta emakumeari lotutako bideraturiko elikadurari buruzko hainbat aholku emateaz gain, hamaiketako osasungarri desberdinak prestatu eta dastatuko dituzte gero.

Hitzordurako izena egitarauan, datorren estekako galdetegia osatuta eman ahalko da, azaroaren 29ra arte. Parte hartzaile bakoitzak ondoko argazkiko kamiseta bat jasoko du oroigarri gisa, aurrerago egingo den ekimenetarako erabili ahalko duena. Izan ere, Libana Taboada kirol arloko udal teknikariak ostegun eguerdi honetako agerraldian berri eman duenez, "datozen urteetan programa honi jarraipena eman nahiko genioke, ekintza desberdinak antolatuz udal parekidetasun eta kirol sailek. Aurreikusia dago ikastaroak, hitzaldiak, tailerrak eta modu desberdinetako jarduera desberdinen bidez dinamizatzea programa hau".

Elkarrekin Eguna
Azaroak 30, larunbata
Oiardo kiroldegian:
10:00
MOOV gimnasioak gidatutako entrenamendu funtzionala.
11:00 Andoni Zubeldia herrikide nutrizionistaren tailerra: emakumeari eta jarduera fisikoari zuzenduriko elikadurari buruzko pautak, hamaiketako osasungarri desberdinen prestaketa eta dastatzea.
Izen-ematea: azaroaren 29ra arte, https://forms.gle/bjFxJFWcLtf8BJBM9 galdetegia beteta.
Oharra: parte hartzaileentzat argazkiko kamiseta opari.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udaleko Kirol eta Parekidetasun Sailak.