Zumartek 40 urte

Musikarien Eguna goraipatu eta 40. urtemugarako girotzen hasi da Zumarte Sutegin

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 21a, 20:44

Euria tarteko, kalejira ez, baina Sutegin iragarritako kontzertua eskaini dute Zumarte Musika Eskolako instrumentu taldeek. Kalejira eta 40. urtemuga ospakizunen hasiera astebete barru egingo dute.

Eguraldia tarteko, ezin izan dute aurreikusiak zituzten ekintza guztiak egin, baina aterpean eskaintzea aurreikusia zutenez, iruditan duzuen hau mantentzea erabaki dute.

Biharko Santa Zezili Egunaren, Musikarien Egunaren bezpera honetan, bat egin du beste behin Zumarte Musika Eskolak Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak urtero antolaturiko Musikalean ekimenarekin. Izenak dioen moduan, musika eskolako jarduna plazaratzea du helburu hitzordu honek.

Usurbilen, urtero Zumartek kalejira egiten du lehenbizi herri erdiguneko kaleetan barrena eta, segidan, Sutegin kontzertua eskaini ohi dute. Aurtengoan, gainera, musika eskolak betetako 40. urtemuga ospakizunak abiarazteko ekitaldi berezi bat ere egitekotan ziren Mikel Laboa plazan. "Egun da Santimamiña" euskal abesti ezagunean oinarrituta sortu dituzten bertsoak elkarrekin abesteko gonbita egina zuten.

Euriak, ordea, hitzorduok atzeraraztea eragin dute, astebetez. Hilaren 28an egingo dute kalejira 18:00etan Zumartetik abiatuta, eta segidan, Mikel Laboa plazan hasiko dute urteurrena omentzeko ospakizunen zikloa, beti ere euriak eragozten ez badu.

Hitzorduak atzeratzea erabaki arren, Sutegiko auditorioan eskaini asmo zuten kontzertua bai, aurreikusi moduan, 19:00etan hasi dute. Eskolako instrumentu taldeek hainbat abesti ezagunekin osaturiko kontzertu eder askoaz gozatu ahal izan dute, kultur-etxeko aretoa goraino bete duten ikus-entzuleek. Hemen emanaldiaren irudi sorta.