'Usurbil 58' dokumentalaren estreinaldia igandean

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 23a, 16:25

Ixabel Agirresarobek gidatu eta Luis Jambrinak zuzendu duen ikus-entzunezkoa igande honetan ikus ahal izango dugu. Sutegiko proiekzioa 17:30ean hasiko da.

Adin bat dutenentzat ezagunak izango dira 'Usurbil 58' dokumentalean agertzen diren hainbat kontu. 1950eko hamarkadaren ondoren jaio zirenei ordea, seguru asko ezezaguna egingo zaiela Kale Nagusiko gasolindegia, Salbatore elizaren atarian zegoena. “Gu jaiotzerako hor zegoen gasolindegia”, Asintxio Pagolak aitortzen duenez. Jabier Pikabeak ere gogoan du orduko gasolina-hornigailua. “Luzaroan egon zen hor eta zerbitzu ikaragarria egin zuen garai hartan. Michelingo jendearentzat, bereziki”. Asintxiok dokumentalean azaltzen duen moduan, sute bat ere izan zen gasolindegian eta ikusgarria izan omen zen.

Hitzaren garrantzia
Aurreko erreportajean aipatu genuen bezala, mutuak dira irudiak. Juan Illarramendik Super8 batekin grabatu zituen irudi haiek soinurik gabe iritsi ziren Euskadiko Filmategira. Soinu falta, adindu kuadrilla baten adierazpenekin osatu dugu. Asintxio Pagola, Jabier Pikabea, Lurdes Urkia, Manuel Goenaga, Arantxa Alkorta, Kinttin Segurola, Arantzazu Aranburu eta Koro Iribarren ekarpenei esker ezagutu ditugu irudiek islatzen dituzten situazioak eta herritarrak.

Lurdes Urkia: "Hara non nagoen!"
Juan Illarramendik 50eko hamarkadan erretratatutako irudietan jai giroko pasarteak dira nagusi. Neska dantzari kuadrilla bat agertuko orduko, Lurdes Urkiak azkar asko aurkitu zuen bere burua: “Hara non nagoen! Izkina hartan. Ni txikienetakoa nintzenez, beti aurrean dantzatzen nuen. Orain txikia naiz, eta orduan ere bai!”. “Baina txiki handia, Lurdes”, Arantxa Alkortak abegikor erantzun.

"Urte hartan gobernadore zibila etorri zen"
Asintxio Pagolari esker, herritar asko identifikatu ahal izan genituen. Dantzarien kasuan, Koro Iribarrek berehala ezagutu zituen elizatik udaletxerako bidean, kalejiran zihoazen dantzariak: “Hau Joxe Luis Muguruza da, beste hori Mikel Urkia, eta atzean Joxe Antonio Altuna, Joxemari Soroa eta Luis Mari Begiristain”. Eta dantzarien atzetik, ‘autoridadea’. Lurdes Urkiak gogoan du “Santixabel batzuetan gobernadore zibila etorri zela, orduantxe izango zen”. Hauek eta beste hamaika kontu jaso ditugu 'Usurbil 58' dokumental zirraragarrian.

'Usurbil 58' dokumentalaren aurkezpena Sutegin
Azaroak 24 igandea
• Ordua: 17:30.
• Sarrera: doan.
• Oharra: Usurbilgo Udalaren Sormen Bekarekin lagundutako lana.