23. Erle Eguna

"Erlezainok lagundu behar gaituzte"

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 22a, 10:49

Erle Lagunak taldeak asteburu pasa antolatu du larunbat gauetik igande bazkalordura arte. Tarte horretan ospatuko da Usurbilen izan ohi den urteko ziklo gozoena. Halere, ez garai batekoa bezain gozoa, deitzaileek lerroon bidez ohartarazi dutenez.

Urteko hitzordu gozoenaren atarian da udalerri hau. Izan ere, bueltan dator 23. Erle Eguna igande honetan; aurtengoan, bezperan hasita, larunbat gauean eskainiko den "20.000 especies de abejas" filmarekin. Erle Lagunak taldearekin lotura estua duen ikus-entzunezko saritua eskainiko dute Sutegin. Biharamunean ere osagai ederrez betetako eguna izango da frontoi inguruan. Batetik, bertako produktuez hornituriko postudun azoka zabalduko dute plazan. Tartean, adi; kandelak egiten ikasteko aukera izango dute gaztetxoenek. Azken urteotan etendako ohitura ere berreskuratuko dute. Izan ere, jogurta eztiarekin banatuko dute, garai batean egiten zuten moduan. Gorrotxategik ere jendeak, tartean gaztetxoek hain estimatua duten txokolatearen txokoa izango du. Ezti txapelketa ere jokoan izango da, eta epaimahaiaren balorazio lana hurbiletik ikusteko aukera egongo da. Ikusmin handia eragiten duen unea errepikatuko da eguerdian, erleak ekarriko du eta txapela irabazleentzat. Eguerdian izango da sari banaketa, ikastetxeen parte hartzea sustatuko duen marrazki lehiaketaren eta gozogintza txapelketako sari emateekin batera. Gozogintzakoan herritar orok parte har dezake, postre eder bat sukaldatu eta aurkeztu dezakezue igandeko lehiara.

Horrez gain, urtero osagai desberdinak txertatzen ahalegintzen dira Erle Eguneko antolatzaileak. Aurtengoan, eztia nola ateratzen den, prozesu hori erakutsi asmo dute. 

"Urte txarra"
Ez da, ordea, ediziorik gozoetan gozoena izango antolakuntzatik, Erle Lagunak taldetik aditzera eman dutenez. "Urte txarra" izaten ari da honako hau. Erlezaintzari biziki estua dagoen Erle Eguneko antolakuntza taldeko buru Julian Urkiolak NOAUA!ri azaldu dionez, orohar, halako azokak bizitzen ari diren gainbeherarekin batera, urte zaila izaten ari da eztigintzaren ikuspuntutik. "Udaberria oso euritsua egin zuen. Loreak ez du hartu behar bezala, fruta gutxiago izango da. Horrek ere murriztu egiten du eztia". Bere esanetan, eztia oparo izateko "lehendik etorri behar du erleak indartuta. Naturak ematen dizkion elikagai guztiak orduan biltzen ditu baina indarrean baldin bada, ahul bada ezin ditu denak bildu". Testuinguru honetan, aldaketa klimatikoaren eragin nabarmenaz ohartarazi du.

Horri Erle Egunak ere bizi duen egoera batu behar. Babes handiagoa eskatu dute Erle Lagunak taldetik lerroon bidez; batetik administrazio publikoarena, antolaketa lanen eskakizunei aurre egiteko. "Erle Eguna galtzen bada, zaila izango da berreskuratzea. Ez gaude garai onetan, baina herrian erlezainak egotea nahi badugu, zerbait beharko da". 

"Erlezainok lagundu behar gaituzte"
Sektorearen garrantziaz ohartarazi dute, igandeko Erle Egunean egin nahi duten moduan, alor hau plazaratu, ikusgarri egin eta haren erakusleiho lana izaten baita urtero. Ezinbesteko "erlerik ez balego natura bukatuko litzateke. Einstenek zioenez, gizakiok bost urteko biziraupena izango genuke erle gabe". Urkiolak gogorarazi duenez, polinizazioan eragiten duten agente gehiago egon arren, "%77a erleak egiten du". Horrekin batera, naturarentzat eta gizakiontzat ongarri diren produktu asko. Baina, egun, erle gutxiago dagoela ohartarazi du Urkiolak, "eztiak ez du lehengo balorerik" eta nazioarteko ekoizpenaren aurrean, "ezin dugu lehiatu". Erle Lagunak taldeko kideak oroitarazi duenez, "gogoan dut, lehen hamar erlauntzekin ezti pixka bat ateratzen zenuen. Gaur egun, hamar erlauntzekin ez duzu ezer, hamarrak bizirik ateratzeko nahiko lan" izaten da. 

Horren islada argia da, Gipuzkoako erlezain elkartearen baitan, bazkide kopuruan izandako gutxitze nabarmena eta "gabiltzanak helduak gara. Gazteren bat bada, guraso erlezainak izan dituelako da. Erlezain berriak oso gutxi dira".  Etorkizunera  begira, gainera, ez dago behar besteko erreleborik. "Erlezainok lagundu behar gaituzte", galdegin du NOAUA! bidez Urkiolak. Izan ere, "ikusten ari da hortik etorkizunik ez dagoela. Ze etorkizun nahi dugu polinizatu gabe? Ez da posible".

Sektoreak bizi duen egoeraren islada argia da baita Erle Egunak Usurbilen bizi duena. Antolakuntza taldean ere babesa eta laguntza behar dute; lekuko aldaketaren beharrean dira. "Gure erreleboa bukatzen denean, ez dakit antolatuko ote den Erle Egunik. Nik nahi nuke bai. Hainbeste urteetan aritu eta gero nahi nuke aurrera segitzea", adierazi digu Urkiolak. Horregatik, laguntzeko prest dagoenari adierazi nahi dio, "etor dadila", trantsizio lana egiteko prestasuna agertu dute. 

Erlezaintza filmean
Aurtengo eskaintzan izango den osagai berrietako bat, "20.000 especies de abejas" film proiekzioa izango da, ezin egokiagoa Erle Egunaren bezperan Sutegin proiektatzeko. Ez soilik izenburuagatik, ikus-entzunezkoaren mamiagatik ere, estuki lotua baitago antolatzaileei. Filmaren zuzendari Estibaliz Urresola Solaguren erleen munduaz ezagutzeko ikusminak bultzatuta, "lagun batek esanda" heldu zen Julian Urkiolarengana. Erlezaintzaren nondik norakoak azaldu zizkion. Une hartan harremantzen hasi eta filmean agertuz amaitu du Urkiolak. "Erlezain erlekumea jasoz eta udare batzuk biltzen agertzen naiz", berri eman dio NOAUA!ri. Agerpenaz haratago, filmaren edukiari erreparatu nahi dio, ordea. Ikus-entzunezkoaren kontakizunak erlezaintzaren mundura hurbilduko gaitu. Gaztetxo baten trantsizio bidea islatzen duen filma da, onarpenarena. "Aldaketa hori etortzen da noiz, protagonistak zer izan nahi duen etxean onartzen dutenean". Onarpena bistaratzen den uneak erlezaintzarekin lotura estua du filmak. "Makila batekin erlauntzari jotzen dio", gogorazi du Urkiolak. 

Hori ez da gaurko ohitura, Erle Lagunak taldeko ordezkariak azaldu digunez. Baserrien estatusa, bertan zeuden idi-pare kopuruaren arabera neurtzen omen zen garai batean eta erleekin ere hala egiten omen zen. Geure artean gai hauei buruz argibideak eskaintzen aritutako antropologo batek esandakoak ekarri dizkigu gogora Urkiolak; "erlauntzak nola jartzen ziren baserrietako ohorezko tokian, alde goxora, hegoaldera begira, argizaria egiteko. Baserriko norbait hiltzen bazen, besteak kaxa jo behar zuen, argia behar zuela hildakoak eta argizaria egiteko eskatuz. Filmean ere makila batekin erlauntzari jotzen dio, hor egiten du bere trantsizioa. Gogoratzen dira etxean, bera onartua izan dela, erleak egiten duen bezala". Berlingo nahiz Malagako zine jaialdietan, Goya, Feroz edota Europako Zine Sarietan saritua izan den ikus-entzunezkoa behin baino gehiagotan ikusteko modukotzat jotzen du Urkiolak. Larunbatean ikusgai izango duzue Sutegin.