Kubatar doinuek hartu zuten duela astebete, Gure Pakea elkarteko jatetxe, Artzabalgo ataria. Duo Jade bikoteak (Yanaysa Prieto konposatzaile eta kantariak eta Maygred Bourricaudy kitarra jole eta bigarren ahotsak) girotu zuen udazken honetan berriz abiarazi duten Kultur Pote ekimena. Taldea ezaguna dugu herrian, lehendik zenbait emanaldi eskainitakoak dira; besteak beste, herriko jaietan, baina baita Artzabalen bertan ere. Iazko Kultur Potean ere parte hartu zuten. Musika genero eta estilo ezberdinak jorratzen ditu bikoteak.
Duela astebeteko kontzertuaren ondotik, ostirala berriz ere gaur; iluntze girotua, oraingoan jatetxe barruan. Reggae doinuak iragarri dituzte. "Ostiral honetan, Ras Miguel etorriko zaigu! Formatu txikian izango da eta barruan egingo dugu, goxo-goxo egoteko. Bere doinu reggaeaz gozatuko dugu!", iragarri dute antolatzaileek. Iluntzeko 19:00-21:00 artean izango da emanaldia.