Ostiral gauaz geroztik bizi asko dabil haizea. Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, larunbat eguerdi honetatik aurrera, abisu hori eta alerta laranja artean joango zaizkigu datozen egunak. Gaur eguerdiko 12:00etatik aurrera, abisu horian izango gara haizeguneetan, 100 kilometro ordutik gorako haize-boladak izan ditzakegulako. Iluntzeko 20:00etan haizeguneak ez diren tokietan ere abisu horia indarrean jarriko dela berri ematen ari da Euskalmet, 80 kilometro ordutik gorako haize-bolada arriskuagatik.
Igandean, haize-bolada hauek are gehiago gogortu daitezke. Izan ere, abisu hori horiek indarrean segiko dute, baina goizaldeko 6:00etan hasi eta arratsaldeko 15:00ak arte alerta laranja ezarri du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak. 120 kilometro ordutik gorako haize-boladak izan ditzakegu haizeguneetan, 100 kilometro ordutik gorakoak haizeguneak ez diren tokietan.
Gainerako ordu tarteetan, abisu horian segiko dugu egun osoz. Horrez gain, azaroaren 24an, "baso-sute arriskuagatik" abisu horian egongo gara baita egun osoz; "baso-suteen arriskua handia da Kantauri isurialdean hegoaldeko haizearen intentsitateagatik", ohartarazi du meteorologia agentziak.
Haizeagatik gaur indarrean jarritako abisu horiek astelehen goizaldeko 6:00ak arte luzatuko dituzte.
Haizeak gogorren jo dezakeen tarterako, honako gomendioak plazaratu ditu Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak:
-Erlaitz, horma, zuhaitz edo publizitate-hesietatik urrundu, eta kontuz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen aurrean.
-Itxi eta ziurtatu ateak, leihoak eta olanak.
-Kendu loreontziak eta kalera erori daitezkeen objektu guztiak.
Astebururako iragarpena
Giro honekin, larunbat honetan, azaroaren 23an Usurbilen, "zerua tarteka hodeitsu egongo da, goi-hodeiak nagusituko dira. Hego-osagaiko haize bizia ibiliko da bolada gogorrekin, eta oso gogorrekin, bereziki ekialdean. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen igoko dira".
Igandean, Euskalmet-en arabera, "zerua tarteka hodeitsu egongo da, goi-hodeiekin; arratsalde-gauean hodeiak ugaritu egingo dira. Hego/hego-ekialdeko haizea bizi ibiliko da bolada gogorrekin, eta oso gogorrekin, bereziki ekialdean. Tenperatura igo egingo da: minimoak nahikoa edo nabarmen eta maximoak gutxi edo nahikoa".
Astelehen "goizaldean hodeiak ugaritu egingo dira eta goizean goiz zerua oso hodeitsu geratuko da; arratsalde-gauean hodeiak gutxitu egingo dira. Goizean goizetik aurrera euri txikia egingo du, zenbait lekutan ertaina; arratsalde-gauean atertzera egingo du. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin haizeguneetan; goizean mendebal-osagaira egingo du, ahul-bizi ibiliko da goizean, bolada gogorrekin. Arratsaldean haizea baretu egingo da eta arratsalde-gauean aldakor eta ahul ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta egunaren amaieran neurtuko dira. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".
Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso dezakezue.