Larunbat iluntze honetan eginiko bileran, 23. Erle Eguna bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek iganderako aurreikusitako eguraldi iragarpenagatik. Izan ere, larunbat eguerdiaz geroztik abisu horian gara 100 kilometro ordutik gorako haize-bolada arriskuagatik.
Datozen orduotan, ordea, egoerak okerrera egingo duela ohartarazi du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak. Alerta laranja ezarri du igande goizaldeko 6:00etan hasi eta arratsaldeko 15:00ak arte. Tarte horretan ospatzekoa zen hain zuzen 23. Erle Eguna. Usurbildik kanpo ere, gune irekietan egitekoak ziren hainbat ekintza bertan behera utzi dituzten moduan, udalerri honetako urteko hitzordu gozoena ere bertan behera uztea erabaki du antolakuntzak. Modu horretan, parte hartzaileen nahiz antolatzaileen segurtasuna lehenetsi nahi izan dute erabaki horrekin.