Haizeagatik alertan

Haize-bolada geroz eta gogorragoak, alerta laranjan izango gara igande goizaldetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 23a, 21:28

Artxiboko irudia.

Haize-bolada gogorrak izaten ari gara azken orduotan. Are biziago joko du datozen orduotan. Abisu horian izan gara larunbat eguerdiaz geroztik, baina Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja jarriko du indarrean igande goizaldeko 6:00etan.

 

Gogotik jotzen ari da haizea azken orduotan. Larunbatak aurrera egin ahala, gainera, bolada gero eta gogorragoak izan ditugu. Ondoko grafikoan, Usurbildik gertuen Euskalmet meteorologia agentziak Lasarten duen estazioko datuak dituzue, azken 24 ordukoak hain zuzen. Bertan ikus dezakezue, larunbat goizalde honetan hasi dela haizea gogorrago jotzen; 20 bat kilometro orduko abiadurarekin bataz beste. Goizaz geroztik 60-70 kilometro ordutik gorako bataz besteko boladak neurtu dira.

Haize-bolada hauek are gehiago gogortu daitezke hurrengo orduotan. Izan ere, gogoan izan, abisu horian gara larunbat eguerdiaz geroztik haizeguneetan 100 kilometro ordutik gorako haize-bolada arriskuagatik eta haizeguneak ez diren tokietan 80 kilometro ordutik gorakoak izan ditzakegulako.

Alerta laranjan
Aipatu moduan, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak abisu hori hau gogortu egingo du hurrengo orduotan. Izan ere, alerta laranja jarriko du indarrean igande goizaldeko 6:00etan hasi eta arratsaldeko 15:00ak arte. Denbora tarte horretan, 120 kilometro ordutik gorako ufadak izan ditzakegu haizeguneetan, 100 kilometro ordutik gorakoak haizeguneak ez diren tokietan.

Igande arratsaldeko 15:00etan hasi eta astelehen goizaldeko 6:00ak arte abisu horian segiko dugu gero gaur bezala, 80-100 kilometro ordutik gorako haize-bolada arriskuagatik. Horrez gain, igande goizaldeko 6:00etan hasita egun osoz, baso sute arriskuagatik ere abisu horian izango gara.

Baldintza hauekin, igande honetarako, azaroaren 24rako Usurbilen, Euskalmet-ek iragarri duenez, "zerua tarteka hodeitsu egongo da, goi-hodeiekin; arratsalde-gauean hodeiak ugaritu egingo dira. Hego/hego-ekialdeko haizea bizi ibiliko da bolada gogorrekin, eta oso gogorrekin, bereziki ekialdean. Tenperatura igo egingo da: minimoak nahikoa edo nabarmen eta maximoak gutxi edo nahikoa".

Astelehen "goizaldean hodeiak ugaritu egingo dira eta goizean goiz zerua oso hodeitsu geratuko da; arratsalde-gauean hodeiak gutxitu egingo dira. Goizean goizetik aurrera euri txikia egingo du, zenbait lekutan ertaina; arratsalde-gauean atertzera egingo du. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin haizeguneetan; goizean mendebal-osagaira egingo du, ahul-bizi ibiliko da goizean, bolada gogorrekin. Arratsaldean haizea baretu egingo da eta arratsalde-gauean aldakor eta ahul ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta egunaren amaieran neurtuko dira. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".

Aholkuak
Alerta laranjaren ohartarazpenaren harira, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak honako gomendio sorta plazaratu du, halakoetan egin ohi duen moduan:
-Erlaitz, horma, zuhaitz edo publizitate-hesietatik urrundu, eta kontuz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen aurrean.
-Itxi eta ziurtatu ateak, leihoak eta olanak.
-Kendu loreontziak eta kalera erori daitezkeen objektu guztiak.

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.