Haizeagatik alertan

Tren zerbitzua eten edota hainbat deialdi bertan behera uztea eragin du haizeak

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 23a, 21:54

Azken orduotako haize-bolada gogorra eragin nabarmena izaten ari da; besteak beste, iganderako iragarritako hainbat ekitaldi bertan behera uztearekin batera, azpiegituretan ere eragiten hasi da azken orduotako giroa.

Gogor jotzen ari da haizea azken orduotan bazterretan eta eragina nabarmentzen hasia da. Larunbat bazkalostean, sei orduz etenda egon da Euskotren zerbitzua Usurbil eta Orio artean, 14:00ak pasatxoan zuhaitz bat erori delako konboietako batera. Kalte materialak eta ezustekoak eragindako kezka salbu, ez da inor zauritu. Iluntzeko 20:30etarako berriz martxan jarri dute ohi bezala, tren zerbitzua.

Azpiegitura honetan halako intzidentzia gehiago izan dira baita, konpondu ahal izan dituztenak, Usurbildik urrunago, trenbide honetako beste zonalde batzuetan.

Espazio irekietako kirol jarduerak bertan behera
Horrez gain, iganderako iragarriak zeuden hainbat ekintza ere bertan behera geratu dira. Usurbil F.T.-k azken orduotan zabaldu duen oharra da horren adibideetako bat. Izan ere, iganderako, azaroaren 24rako iragarritako futbol jardunaldia partzialki bertan behera geratu dela berri eman du. Gipuzkoako Futbol Federazioak hartutako erabakia da hori.

Haizeagatik, igande goizaldeko 6:00etan hasi eta arratsaldeko 15:00ak arte indarrean izango den alerta laranja tarteko, Foru Aldundiak bertan behera utzi ditu eskola adinean direnen arteko partidak eta "baita beste kirol batzuk" ere, zehazkiago, "lurralde txapelketako eskolarteko eta federatutako zelaiko futboleko partida guztiak", alerta laranja indarrik gabe geratu arte, igande arratsaldeko 15:00ak arte beraz. Edozein kategoriatako partidak igande arratsaldeko 15:00etatik aurrera jokatu ahalko dira.

Futbol jarduerak soilik ez, espazio irekietan biharko iragarritako gainerako kirol jarduerak ere bertan behera uztea agindu du Foru Aldundiak, baita mendiko jarduerak 15:00ak arte edota uretakoak ere arratsaldeko 18:00ak arte. Tartean, Usurbilek mugakide duen Donostian igande goizean jokatzekoa zen Maratoia ere bertan behera utzi dute.