Haizeagatik alertan

Haize-bolada bortitzen arrastoak agerikoak azken orduotan

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 24a, 13:07

Gogotik kolpatu dute azken orduotako haize-bolada bortitzek udalerri hau. Agerikoak diren kalteak eragin dituzte.

"Bert" izena jarri diote oraingoan, atzotik gure inguruak astintzen ari den depresioari. Izan ere, haize-bolada bortitzak ekarri ditu ekaitz horrek. Ordu zailenak larunbat gau edota igande goizaldetik aurrera bizitzen ari gara. Horren erakusle, indarrean dugun alerta maila nola eraldatzen joan den, haize-bolada geroz eta bortitzagoak izaten joan garen heinean. Larunbat eguerdiaz geroztik abisu horian ginen, 80-100 kilometro ordutik gorako haize-boladengatik, 100-120 kilometro ordutik gorakoak iragarriak zeuden igande goizalde eta eguerdi parte honetarako, eta horregatik, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja indarrean jarri du goizaldeko 6:00etan hasi eta igande arratsaldeko 15:00ak arte. Gero, abisu horian segiko dugu astelehen goizaldera arte.

Azken orduotako haize-bolada bortitzek gogor kolpatu dute udalerri hau. Horren erakusle, segidan datozen zenbait kalteren irudiak. Esaterako, herri erdigunean, Mikel Laboa plazan kokaturiko ONCE-ren etxolako teilatua bere lekutik aterarazi eta lurrera bota dute haize-bolada gogor hauek.

Atxegalden ere farola baten gainaldea txikitu du, eta haren arrastoak metro dezentetara airean eraman ditu haizeak. Haizeak eragindako kalte ikusgarrienetakoa, halere, Ugartondon aurkitu dugu. Obretan duten Ugarte baserri ingurua hesitua dago aspaldidanik. Material astuneko hesi zati hainbat hautsi, lurrean etzanarazi eta beste zenbait metro dezentetan eraman ditu haizeak. Suhiltzaileak ere bertaratu behar izan dute. Irudiok jaso ditugunean, langileak eremua txukuntzen ari ziren.

Bertara ez gerturatzeko hesia jarria dute, bai Ugarte baserriaren atzealdean kokaturiko parkean, baita kaltetutako eremurako Puntapax aldeko sarbidean ere.

N634 errepideko errei bat ere itxi egin behar izan dute lurjausiagatik Aginaga eta Usurbil artean.

Aipaturiko kalte hauez gain, gehiago ere izango dira ziur. Horrekin batera, nabarmentzekoa noski, herriko hainbat bide bazterretan pilatutako hosto eta zuhaitz adaxkak.