Urteko hitzordu gozoena behar zuena garraztu du eguraldiak. Ezin izan da 23. Erle Eguna ospatu, haizeagatik indarrean den alerta laranja tarteko. Ondoko irudiotan ikus dezakezue, igande goizeko 11:00ak aldera Usurbilgo plazak zuen itxura. Postuek edota ezti txapelketako epaimahaia bildu behar zuen eremua hutsik zen. Alboko Dema plazan, azoka gozoenak leku hartu behar zuen gunean ere postuon arrastorik ez. Hesi hori ezagunengatik baino ezin zitekeen asmatu, ekitaldiren bat ospatzekoa zela bertan.
Harmailak ere elizako hormaren parean zeuden kokatuak, azkenean egin izan ez den 23. Erle Egunerako prest. Eserlekuon ondoan, gaurko protagonista nagusia behar zuena, harrietako batean atseden hartzen. Ikusmina eragin ohi du urtero Erle Eguneko sariak elizako kanpandorretik ekartzen dituen erleak. Aipatu moduan, gaurkoan ez du bere urteroko lanik egin ahal izan eta hortxe zen eliza ondoko izkin batean.
Haizeagatik igande goizaldeaz geroztik indarrean den alerta laranja tarteko, parte hartzaile, bisitari eta antolatzaileen segurtasuna lehenestearren, bertan behera utzi dute gaur egitekoa zuten Erle Eguna.
Ekintza gehiago ere bai
Erle Egunarekin batera, bertan behera geratu dira baita beste hainbat ekintza ere. Esaterako, espazio irekietan egitekoak ziren kirol jarduerak.
Usurbil F.T.-k larunbatean zabaldutako oharra da horren adibideetako bat. Izan ere, igande honetarako, azaroaren 24rako iragarritako futbol jardunaldia partzialki bertan behera geratu dela berri eman zuten. Gipuzkoako Futbol Federazioak hartutako erabakia da hori.
Haizeagatik, igande goizaldeko 6:00etan hasi eta arratsaldeko 15:00ak arte indarrean izango den alerta laranja tarteko, Foru Aldundiak bertan behera utzi ditu eskola adinean direnen arteko partidak eta "baita beste kirol batzuk" ere, zehazkiago, "lurralde txapelketako eskolarteko eta federatutako zelaiko futboleko partida guztiak", alerta laranja indarrik gabe geratu arte, igande arratsaldeko 15:00ak arte beraz. Edozein kategoriatako partidak igande arratsaldeko 15:00etatik aurrera jokatu ahalko dira.
Futbol jarduerak soilik ez, espazio irekietan gaurko iragarritako gainerako kirol jarduerak ere bertan behera uztea agindu du Foru Aldundiak, baita mendiko jarduerak 15:00ak arte edota uretakoak ere arratsaldeko 18:00ak arte. Tartean, Usurbilek mugakide duen Donostian igande goizean jokatzekoa zen Maratoia ere bertan behera utzi dute.