Ikusmina eragin eta harrera beroa jaso du igande honetan Sutegin estreinaturiko NOAUA! K.E.-ren "Usurbil 58" dokumentalak. Bertan, duela 66 urte inguruko herri honetako irudi bilduma bat ikus daiteke, garai hartako herrikideen hitzen soinu-bandarekin.
Altxor ezin ederragoak diren herri honen hainbat ospakizun erretrataturiko irudi haiek Juan Illarramendik grabatu zituen bere Super8-arekin. Hark hasi eta gerora aurkitutako irudi bilduma haietan oinarrituta "Usurbil 58" dokumentala ekoitzi du NOAUA! K.E.-k. Igande honetan, azaroaren 24an, proiektatu dute estreinakoz Sutegin. Bertan izan dira dokumentalean ageri diren hainbat herrikide, baita, besteak beste, Illarramendiren senideak ere; albiste honi atxikitako familia argazkian dituzue.
"Bere komunitatearekin konprometitutako gizona"
Proiekzio amaieran ateratako talde irudiaren aurretik, hitza hartu dute baita Sutegiko hitzorduaren hasieran, Illarramendi bera omendu eta esker ona adierazteko. "Irundarra jaiotzez eta usurbildarra bihotzez, Juanito Fraisoroko umezurztegian hazi zen". Gerora, "hainbat ofizioetan lan egin zuen". Usurbilen, "bere komunitatearekin konprometitutako gizona izan zen haurrentzako zinema antolatuz, musika sustatuz eta elizako abesbatzan parte hartuz. Dena ilusioz egiten zuen", oroitu dute senideek.
Baita gaurko dokumentaleko irudien grabaketa ere. "50eko hamarkadako bere filmak biltzen dituen dokumental bat da. Irudi hauek gure haurtzaroa ekartzen dute gogora; herriko jaiak, bizikleta lasterketak, pilota partidak, euskal dantzak frontoian... Bere lanak herri aldakor baten esentzia harrapatzen du, gure oroimenean bizirik mantentzen dena".
Ikus-entzunezko proiektu hau ahalbidetu duten guztiei esker ona adierazi nahi izan diete. "Bihotzez eskertzen dizuegu. Hau guztia posible egin duten guztiei, milesker!".