"Gehientsuenontzat ezezagunak diren irudi batzuk ikusiko ditugu", aurreratu du NOAUA! K.E.-ko dinamizatzaile Alaitz Aizpuruak, proiekzioa abiatu aurretik eginiko aurkezpenean.
Berezitzat jo du emanaldia bera, kultur elkarte honek Sutegin antolaturiko hitzorduetan besteen sorkuntza lanak ekarri izan dituztelako; gaurkoan, ordea, NOAUA! K.E.-k berak ekoitzitako lan bat, "guretzako berezia" dena plazaratu du.
Juan Illarramendik hasitako lana
Izan ere, orain arte, inoiz ikusi gabeko udalerri honi buruzko irudi bilduma biltzen duen dokumentala aurkeztu dugu estreinakoz jendaurrean, "garrantzia berezikoa" Aizpuruak nabarmendu duenez, "batez ere oso aldatuta dagoen edo batzuk sekula ikusi ez dugun Usurbil ikusiko dugulako eta baita dagoeneko gure artean ez dauden herrikideak ere".
Dokumental honen ekoizpenaren abiapuntua zein izan zen azaldu du eta hemen izen gakoa; Juan Illarramendi. Ikus-entzunezko lan hau gauzatu izanaren "benetako meritua" berea dela azpimarratu du. Izan ere, gaur eskainitako irudiak duela 66 urtekoak dira, Illarramendik berak "super8 kamera batekin grabatutakoak", eta horiek dira gaur lehenbiziko aldiz Sutegin proiektatu den sorkuntza lan honen muina.
Irudi mutuak, soinurik, hitzik gabekoak ziren, ordea. Irudi horiei soinu-banda jartzeaz arduratu da NOAUA! K.E. "Hitza falta hori nabarmentzen genuen" eta horri konponbide ezin ederragoa aurkitu zion kultur elkarte honek. Irudi haietan agertu edota garai hura bizi izandako herrikideek hartu dute hitza dokumental honetan. "Haiek dira dokumental honen soinu-banda". Irudiotan ageri denaz, garaiko bizipen, Usurbil eta usurbildarrez mintzo dira denak.
Eskertza
"Berreskuratutako altxor txiki honekin" eta aurkeztutako lanarekin pozarren agertu da kultur elkarte hau, eskerrak helaraztearekin batera sorkuntza lan hau ekoiztea ahalbidetu dutenei; "bai Euskadiko Filmotekari, bertan zeudelako irudi horiek, baita Zumarte Musika Eskolari ere", azken honen kasuan zerikusi zuzena izan dutelako "irudi hauek guganaino iristeko". Haiez gain, eskerrak helarazi nahi izan dizkie kultur elkarte honek "dokumentalean ikusiko ditugun protagonistei". Herrikide talde hau da hain zuzen, "Usurbil 58" ikus-entzunezkoari soinu-banda jarri diona: Asintxio Pagola, Javier Pikabea, Lurdes Urkia, Manuel Goenaga, Arantxa Alkorta, Kintin Segurola, Arantzazu Aranburu, Koro Iribar, Iñaki Mujika eta Roman Manterola.
Herri ekoizpena izan da honakoa. Luis Jambrina arduratu da errealizazioaz, Ixabel Agirresarobek gidaturiko dokumentala da. Egitasmoak Usurbilgo Udalak sorkuntza sustatzeko duen deialdiko dirulaguntza jaso du. Babes "horri esker, lan profesional eta txukun bat egin ahal izan dugu".
Haiek guztiak eskertzearekin batera, Sutegiko auditorioan bertan zegoen Juan Illarramendiren familiari ere esker ona adierazi nahi izan diogu. Izan ere, "haien eskuzabaltasunari esker egin ahal izan dugu dokumentala. Zuei esker, artxibo galdu batean egon zitezkeen irudi horiek nolabait bildu, bueltatxo bat eman eta herritarren aurrera ekartzen ditugulako, milesker zuei ere".