Azaroak 25

"Ez gaituzue izutuko, guk autodefentsa feminista!"

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 25a, 20:01

"Ez gaituzue izutuko, guk autodefentsa feminista!" aldarripean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguneko mobilizazioa egin berri dute astehelen iluntze honetan Mikel Laboa plazan.

Euskal Herri luze zabalean bezalaxe, Usurbilen ere Indarkeria Matxistaren Kontrako Egun honetako mobilizazioarekin bat egin dute herritarrek. Iluntzeko 19:00etan hasi da Mikel Laboa plazan, Kafe Tertuliak eta Usurbilgo Emakumeon Etxeak deitutako elkarretaratzea, "ez gaituzue izutuko, guk autodefentsa feminista!" aldarripean.

Segidan duzue, azaroaren 25 honetako mobilizazioaren harira plazaraturiko adierazpena:


Ez gaituzue izutuko, guk autodefentsa feminista!
Ez da ezer berria indarkeria matxistak hiltzen gaituela aldarrikatzea. Ohitu eta guzti egin gara erailketa matxisten kasuak salatzera.

Erasoak ez dira kasu isolatuak, eta ondo dakigu ez dagoela erasotzaile isolaturik. Espazioetan seguru ez sentitzea, gorputzenganako kontrola, etengabeko sexualizazioa, pobretze estrukturala, eskubide falta, zaintza publiko eta komunitarioa ez izatea eta egunero gorpuzten ditugun indarkeriaren beste hamaika adibide zerrendatu genitzake. Hiltzen gaituena indarkeria matxista sostengatzen duen egiturazko sistema zisheteropatriarkal kapitalista bera baita.

Albiste dira eraso matxistak, feministok gure aurkako biolentzia desnaturalizatzea lortu dugulako. Albiste badira, bai, baina zein da erasoen aurreko errelatoa?

Erasoen aurreko kontakizunetan ardura gure gain ezartzen zaigu. Gure ardura dela eraso ez diezaguten. Kontatzen digute beldur izan behar dugula. Kontuz ibiltzeko. Ekiditeko leku eta pertsona ezezagunak, saihesteko desorduak.

Horrela, izua erabiltzen dute gure bizitzak kontrolatu eta menderatzeko. Arriskua, diziplinatzeko. Erruduntasuna, erantzukizuna bandoz aldatzeko. Subjektu pasibo eta beldurti nahi gaituzte. Biolentzia eta autodefentsarako gaitasunik gabe. Funtsean, medioak aparatu funtsezkoak dira status quo-ak hegemonia patriarkala finkatu dezan.

Gaurkoan argi esatera gatoz, izua bandoz aldatuko dugu, ez gaituzue izutuko. Autodefentsa feminista dugu lanerako, erantzuteko, pedagogiarako eta gure bizitzen defentsa eraikitzeko erreminta! Errelato patriarkalei, salaketa feminista egingo diegu. Izuaren menderakuntzaren saiakerari, boteretze kolektiboa.

Ez gaituzue izutuko, guk autodefentsa feminista!