"Agerreko uzta euskarari puzka!"

Errigoraren kaxak heldu dira

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 26a, 09:06

"Agerreko uzta euskarari puzka!" kanpainaren baitan eskatu dituzuen kaxak NOAUA! K.E.-ren egoitzara heldu dira.

Urriaren 24tik azaroaren 14ra bitarte, errigora.eus bidez online nahiz NOAUA! Kultur Elkartean egindako eskaerak heldu dira. Bordaberri 3ko egoitzan dituzue etxeratzeko zain, Errigoraren udazken parte honetako "Agerreko uzta euskarari puzka!" kanpainaren bueltan eskatu dituzuen kaxak.

16.000 saski
Balantze ezin gozoagoa egin du Errigorak "Agerreko uzta euskarari puzka!" udazkeneko kanpainako eskaerak egiteko epealdia amaitu berritan. Gogoan izan, urriaren 24tik azaroaren 14ra arteko tartea finkatu zuten Nafarroan ekoitzitako produktu sortaz hornituriko kaxak eskuratzeko. Hiru genituen aukeran.

Tokiko ekoizpena sustatu eta Nafarroa erdialde zein hegoaldeko euskalgintza laguntzea xede duen elkartasun kanpainaren harrerarekin pozarren dira Errigorako kideak. Guztira, 16.000 saski eskatu dira eta haien bidez, 230.000 eurotik gora bideratuko dira Nafarroa erdi eta hegoaldeko, hau da, "Ager zonaldeko euskalgintzara (AEK, ikastolak, Sortzen eta Agerraldia). Kopuru hau inoiz saskien bidez lortu den handiena da, beraz, badugu zer ospatu".

"Jarrai dezagun auzolana indartzen!"
Errigoratik gogorarazi dutenez, auzolana gakoa izan da emaitza hauek izateko. "Ezin hobeak diren emaitza horien atzean komunitate oso baten ahalmen eta ahalegina dagoela argi gelditu da. Errigoraren komunitatea osatzen duten bolondres, ekoizle eta kontsumitzaileek jarritako indarrari esker lortu dugu aurtengo kanpainaren arrakasta. Auzolanari esker soilik da hau posible!". Horregatik, adierazi dutenez, "jarrai dezagun auzolana indartzen!".

Auzolan horren adibide dira asteotako ekimenak; "azaroaren 9an Ablitasen bildu ginen 200 lagunen artean osatutako 4.000 saski berdeak, edota ekoizleek auzolanean sortutako guztiak".