Haize-denboraleak hankaz gora jarri zien eguna baina azkar asko modu eraginkorrenean bideratzen ari dira prestaketa lanak Erle Lagunak taldekoak. Atzo berri eman genizuen moduan, igandeko haize denboralea tarteko bertan behera utzi behar izan zuten 23. Erle Eguna larunbatean, azaroaren 30ean ospatuko da. Kartela ere jada eguneratu dute, albiste honetan atxikia duzue ikusgai.
Haize erauntsiagatik geroratua
Larunbat iluntzean, presazko erabaki zaila bezain ausarta hartu behar izan zuten; gainean genuen denboralea tarteko, antolatua zuen urteko hitzordu gozoena bertan behera uztea, bisitari, parte hartzaile eta antolatzaileen segurtasuna bermatzearren. Izan ere, larunbatean abisu horian ginen haizeagatik, baina igande goiz eta eguerdi partean kalteak eragin zituen haize erauntsiei lotutako alerta laranjaren eraginpean izan ginen, 100-120 kilometro ordutik gorako haize-bolada arriskuagatik.
Testuinguru honetan, Erle Lagunak taldekoek eta Udalak bertan behera uztea hobetsi zuten, igande honetan, azaroaren 24an ospatzekoa zen 23. Erle Eguna. Azoka eta gainerako ekimenei leku egin behar zien frontoia hutsik zen atzo goizean, baita Dema plaza ere. Hesi horiak eta bazterturiko harmailak ziren festa egun baten atarian ginela gogorarazten ziguten elementu bakarrak, eta bera baita, noski; txapelketen sariak Salbatore elizako kanpandorretik frontoirano ekartzen dizkigun erlea.
Egitarau bera
Antolatzaileek, ordea, ez zuten etsi nahi eta berehala hasi ziren Erle Eguna beste egun batean ospatzeko saiakeran. Astelehen honetan jakinarazi dute, data jarri diotela ezohikoa izango den edizio honi; 23. Erle Eguna, larunbat honetan ospatuko da, azaroaren 30ean.
Iragarriak zeuden ekimenak aurreikusi moduan egingo dira; hau da, azoka izango da, ezti, marrazki eta gozogintza txapelketak eta haien sariketak ospatuko dira. Adi, beraz, gozogintzako lehiaketara postre gozoak sukaldatzen segitzeko aukera izango duzue larunbat goizera arte. Horrez gain, Sutegin ere erakusketak izango dira.
Antolakuntzak iragarri bezala, bestalde, garai bateko ohitura berreskuratuko dute; eztia yogurtarekin banatuko dute berriz, Gorrotxategi bere tailerrarekin itzuliko da... Gainera, eztia ateratzeko prozesua nolakoa den ikusi eta ikasteko aukera izango da.
Laburbilduz, aipatu moduan, atzorako iragarritako Erle Eguneko ekimenak larunbat honetan, azaroaren 30ean ospatuko dira. Honatx egitaraua:
Azaroak 30, larunbata
09:00-10:00 Ezti eta gozogintza bilketa.
11:00-14:00
- Azoka. Postuetako salmenta.
- Erakusketak Sutegin: Erleak, eztia ontziratzeko prozesua... Marrazki Lehiaketako lanak, bideoak.
11:00 Ezti dastaketa frontoian/Eztia eta txokolatearekin egindako goxoak/Jogurta eztiarekin banatuko da.
13:30 Euskal Herriko XXIII. Ezti Lehiaketako sari-banaketa: Ezti Lehiaketako irabazleak, Gozogintzako irabazleak, Marrazki Lehiaketako irabazleak.
Antolatzailea: Erle Lagunak.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.