Zubietako erraustegia

Ostiralean egingo da, Biodonostiaren txostenari buruzko informazio bilera

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 26a, 11:50

Erraustegiaren eraginari buruz landutako txostena aurkeztu zuen Biodonostiak maiatzean Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Emaitza kezkagarriak aurkitu dituzte GuraSOSek eta Anerreka Ingurumen Elkarteak. Horren harira, informazio bilera deitu dute ostiral honetarako, azaroaren 29rako Sutegin.

"Usurbildar guztiei eragiten digun osasun egoera larri bati buruzko informazioa jasotzeko eta horren aurrean, herri bezala gure osasuna babesteko har ditzakegun neurri eta ekimenen inguruan hausnartzeko", informazio bilera deitu dute GuraSOSek eta Anerreka Ingurumen Elkarteak azaroaren 29rako arratsaldeko 19:00etan Sutegin.

Osasun egoera larri horri buruzko zenbait zertzelada eskaini dituzte hitzordu horren antolatzaileek plazaraturiko deialdian. "Foru Aldundiak bere web orrian Biodonostiak hiru urtetan burutu duen ikerketa baten emaitzaren berri ematen du. Ikerketa, erraustegiak osasunean eta ingurumenean izan dituen eraginei buruzkoa da. Ikerketa aztertu dugu eta errealitate beltz eta benetan kezkatzekoa aurkitu dugu", ohartarazi dute GuraSOSek eta Anerreka Ingurumen Elkarteak. "Ondorio txar nabarmenak" aurkitu dituztela berri eman dute, "batez ere Usurbilen, gure herrian eta beste lekuetan ere (Andoainen adibidez)". 

Hazkuntzarik ez, "Usurbilen izan ezik"
Biodonostiak landutako txostenean jasotako hitz hauek nabarmendu nahi izan dituzte Sutegiko informazio bilkuraren deitzaileek. "Biodonostiaren txostenak zera dio hitzez hitz: ez da alde esanguratsurik ikusten dioxinen, furanoen, dl-PCBen baturari eta dioxina motako konposatu guztien baturari dagokienez, Usurbilen izan ezik, non bataz besteko balioa 3.20 pgTEQ/g igo den (1.16 pgTEQ/g dioxinetan eta 2.04 pgTEQ/g dl-PCBetan), eta horrek %36,25eko gehikuntza dakar dioxinen kasuan eta % 63,75ekoa dl-PCBen kasuan".

Biodonostiaren ikerlan horren arabera, "154 gipuzkoarren odola aztertu dute; horien artean, 25 usurbildarrak ziren. Txostenak dio analizatutako usurbildar guztien odolean dioxinak, furanoak, PCBak, beruna eta kobre mailen hazkunde nabarmenak aurkitu dituztela". Horrez gain, "txostenean esaten da ere "Cu eta Pb-a nabarmen hazi" direla Usurbilen (Kobrea eta beruna). Eta oiloen arraultzetan ere toxiko arriskutsuen hazkunde eta metaketa aurkitu dute, Toxiko Watch fundazioak aurkitu zituen bezala".

Txostena osorik sarean
Lerrootan mintzagai dugun txostena maiatzean aurkeztu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Hiru urteetako ikerlanaren emaitzak biltzen ditu. "Ikerketa, erraustegiak osasunean eta ingurumenean izan dituen eraginei buruzkoa da. Batzar Nagusietan txostenaren aurkezpena Jesus Ibarluzeak, ikerketaren zuzendariak egin zuen, Ingurumen Diputatuaren eskutik. Agerpenean, Zubietako erraustegiak osasunean ondorio txar nabarmenik izan duenik ez dela atzeman esan zuten eta zehatzago aztertuta herritarren odolean eta pixan zein oiloen arraultzetan edo behi esnean pozoirik ez dutela aurkitu esan zuten. Horren arabera, ikerketarekin ez jarraitzea proposatu zuten". 

Txostena osorik eskuratu eta irakur dezakezue gipuzkoa.eus atarian sartu eta pausoz pauso atal hauetan sartuta: "Ingurumena", "Ekonomia zirkularra" eta "Azpiegiturak" izenekoetan.

Mediku baten parte hartzea
Testuinguru honetan, "egoeraren larritasuna ikusirik hausnarketa eta ekimen hau auzolanean, denen elkar-laguntzarekin egiteko" antolatu dute hilaren 29ko Sutegiko informazio bilera. 

Hitzordu honen antolatzaileek aurreratu dutenez, "bertan mediku baten laguntzarekin orain arte argitaratu diren datu kezkagarrien berri ematearekin batera, horren aurrean herri bezala gure osasuna babesteko har ditzakegun neurri eta ekimenak azalduko dira".