Udazkena liburutegian

Gaztetxoei zuzenduriko irakurketa solasaldia gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 27a, 08:21

Urrian abiarazitako ziklo zabalagoaren baitan, hiru ekintza antolatu ditu Sutegi udal liburutegiak urte amaierara arte; lehenengoa, asteazken honetarako, azaroaren 27rako.

Hona hemen urte amaiera arte, Sutegi udal liburutegian iragarri dituzten azken ekitaldien berri. Hiru ekintza izango dira; lehenengoa, gaurko, azaroaren 27rako programatu dute.

Sutegi udal liburutegiko deialdiak
Azaroak 27, asteazkena
18:00
Irakurketa solasaldia, 8-11 urte arteko haur eta gaztetxoentzat. Leire Bilbao eta Maite Mutuberriaren "Xomorropoemak eta beste piztia batzuk" izango dute mintzagai.
Zehaztasunak: "Umeek literaturarekin duten lehen kontaktua poesiarekin dela ahazten zaigu sarritan. Txiki txikitako kanta, aho-korapilo eta hitz asmaketekin poesia sortzen dute berez eta natural. Irakurtzen hasten direnean, ordea, ipuin narratiboak eskaintzen dizkiegu eta poesia bazter batera utzi. Horrenbestez, urteekin poesiara hurbiltzen direnean arrotza egiten zaie, zaila eta konplikatua. Katebegia hautsi ez dadin, eta era natural batean poesia lantzen jarrai dezaten asmoarekin sortu dira liburu hauek. Poesiak irudi berriak asmatzeko balio duelako, umeen irudimenari mugarik jarri gabe. Poesiak hizkuntza garatzeko eta berritzeko balio duelako. Erritmoa eta errima lantzeko ere baliagarriak dira poemak. Begietatik ez ezik, belarritik irakurtzen ikasi eta kantuetara hurbilpen bat erraztuz".

Abenduak 11, asteazkena
18:00 "Abentura zirraragarria" ipuin kontaketa musikatua Perli eta Koxkolorekin.
Zehaztasunak: “Ikuskizun berri honetan, Perlik eta Koxkolok bidaia zoragarri bat biziko dute munduko hainbat uharte zeharkatuz. Ipuin musikal berri bat: istorioz, abenturaz, pertsonaiaz, musikaz, dantzaz eta umorez josia. Hurbiltzen diren haurrek abentura zirraragarriak bizitzeko aukera paregabea izango dute, ipuinen, musikaren eta dantzaren laguntzarekin. Istorio eta abentura liburuei omenaldia: Verne, Stevenson, Defoe. Abenturaz beteriko ipuin musikal dibertigarria, elkar hobeto ezagutzen eta gehiago maitatzen ikasteko. Haurren irudimena piztuko dugu eta familia giroan primeran pasatuko dugu”.
Nori zuzendua: 6-8 urte arteko haurrei.

Abenduak 13, ostirala
19:00 "Etxe bat, norberarena" Yolanda Arrieta eta Peru Galbete herrikideen solasaldi poetiko musikatua.
Zehaztasunak: "Yolanda Arrietak bere azken lanaren irakurketa-solasaldia proposatuko digu. Habiaren babesa. Bake operatzailea. Aukerako ohikotasuna. Nondik-abiatu berri bat. Nora-itzuli atsegin bat. Ezeren faltarik ez. Dena bertan. Peru Galbetek musikaz eta kantuz lagunduko dio. Itxura ona du, ezta?".

Abenduak 23, astelehena
11:30
Irakurketa solasaldia 11 urtetik gorakoentzat. Roald Dahlen "Sorginak" izango dute mintzagai.
Zehaztasunak: "Irakurle, seguru asko oso pertsona serio eta formala zara eta ez duzu sorginengan sinesten. 'Utikan, asmazio horiek!', esaten duzu serio asko. Sorginen kontu horiek guztiak ez dira txoriburuen gorabeherak besterik. Sorginak! Puaf! Kontu aldrebesagorik! Bada, sentitzen dugu esan beharra, baina egon badaude. Irakurri besterik ez duzu, bestela, Roald Dahl-en liburu hunkigarri hau: berehala pasatuko zara zure irribarre ironiko horretatik sorpresara, eta sorpresatik gorputz guztia dardarizoka jarriko dizun trantze urdurira. Sorginengan ez duzula sinesten? Bada, beldurti baten aitzakia da hori, liburu hau irakurtzera ausartzen ez den kakajario batena".
Oharra: saio horietan parte hartu nahi dutenentzat liburuak eskuragarri Sutegin bertan.

Ekitaldiotarako izen-ematea: aurrez, Sutegi udal liburutegian.
Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.