Hilabeteko azken ostegunari dagokion osoko bilkuran batu da gaur udalbatza. Askotariko gaiak hartu dituzte ahotan, baita bozkatu ere. Beste ezer baino lehen, datorren urterako aurrekontu proiektua onartu dute gehiengo osoz, EHBilduren babesarekin. EAJ aurka agertu da eta PSE abstenitu egin da.
15.235.194,67 euro izango ditu udalerri honek 2025eko erronkei heltzeko, inoizko kopuru altuena, udal gobernu taldetik gaurko osoko bilkuran berri eman dutenez.
Horrez gain, gogoan izan, 2,7 milioi euroko mailegu bat eskatzea onartua zuen udalbatzak aldez aurretik. Gaurko saioan, urrats berri bat eman dute; herriko hiru finantza entitateei eginiko eskaintza eskaeren erantzunetatik bat hautatu dute; Rural Kutxarena.
Oiardo kiroldegian kirol jarduera fisikoa eta ur sorospen zerbitzua Athlon Sintagmia S.L. enpresari esleitzea erabaki du udalbatzak. Sortalde, Usurbilgo energia berriztagarrien komunitateari eguzki-plakak jartzeko Agerialdeko teilatua uztea erabaki du.
Bestalde, berriz hartu behar izan dute erabaki bat; aurrez hartua zutena; Txokoaldeko Altzonazko zubia legeztatzeko eta birgaitzeko itsaslehorreko jabari publikoa okupatzeko emakidaren baldintzak eta preskripzioak berriz onartu dituzte udal ordezkariek.
Sortzaileei zuzenduriko beste erabaki bat ere hartu dute. Haraneko musika taldeen entsegu saioetarako lokalen erabilera arautuko duen udal ordenantzari ere baiezkoa eman diote.
Azkenik, bi adierazpen ere bozkatu eta onartu dituzte; batetik, datorren abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunari begirakoa, "erantzukizuna eta konpromisoa, olatu berria sortzeko" izenburupean. Bigarrena, ez zegoen iragarria gai-zerrendan baina gaurko osoko bilkuran jorratu eta bozkatzea erabaki dute. Aho batez onartu dute, Usurbilgo alkateari eta gizarte langileei babesa adierazko adierazpen instituzionala.
Gai hauei guztiei buruzko xehetasun gehiago hurrengo egunotan emango dizkizuegu. Segidan duzue udalbatzak hartutako erabaki bakoitzari lotutako bozketaren emaitza:
Bozketak
- 2025eko Aurrekontu Proiektua hasieraz onartzea (2024EKAU0001).
Bozketa: gehiengo osoz onartua. EHBildu alde, EAJ kontra eta PSE abstenzioa.
- Rural Kutxarekin mailegu kontratu bidez kreditu-eragiketa bat hitzartzea (2024EKMA0001).
Bozketa: gehiengo osoz onartua. EHBildu alde, EAJ eta PSE abstentzioa.
- Athlon Sintagmia S.L. enpresari esleitzea Usurbilgo Oiardo kiroldegian kirol jarduera fisikoa eta ur sorospen zerbitzu kontratua (2024LIRZ0005).
Bozketa: aho batez onartua.
- Sortalde, Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitate Koop. S. Elkarteari, Agerialde ikastetxeko teilatuaren lagapena egitea eguzki-plakak jartzeko (2024HITZ0010).
Bozketa: aho batez onartua.
- Altzonazko zubia (Txokoaldeko zubia) legeztatzeko eta birgaitzeko itsaslehorreko jabari publikoa okupatzeko emakidaren baldintzak eta preskripzioak berriz onartzea (2023HEUS0007).
Bozketa: aho batez onartua.
- Haraneko musika entsegu lokalen erabilera arautzen duen udal ordenantza hasieraz onartzea (2024UDOR0001).
Bozketa: aho batez onartua.
- Adierazpena: 2024ko Euskararen Nazioarteko Eguna, Erantzukizuna eta konpromisoa, olatu berria sortzeko (2024IMOZ0009).
Bozketa: aho batez onartua.
-Alkateari eta gizarte langileei babesa adierazko adierazpen instituzionala:
Bozketa: aho batez onartua.