Azaroko azken ostiraleko Sareren mobilizazioa gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 29a, 07:01

Sarek deitutako elkarretaratzea gaur iluntzean egingo da, Mikel Laboa plazan.

Azaroko azken ostiral honekin batera, bueltan dator Sarek deitutako elkarretaratzea; iluntzeko 20:00etan egingo da Mikel Laboa plazan. Duela hilabeteko mobilizazioan jakinarazi zuen moduan, datozen hilabeteoi begira da jada Sare. "Urtearen amaiera gerturatzen ari delarik, begi bistan ditugu gabonetako mobilizazioa eta urtarrileko mobilizazioa, non, La Casillatik hasiko den manifestazioarekin behin betiko bakea, konponbidea eta elkarbizitza aldarrikatuko dugun".

Bi hizpide nagusi izan zituzten, deitzaileek elkarretaratzearen amaieran nabarmendu zuten moduan. Batetik, urteetan indarrean egondako salbuespenetako baten amaieraren berri eman zuten. "Aldarrikatzen jarraitzera behartzen gaituen salbuespen legediak indarrean jarraituko badu ere, lortu dugu urteetan zehar, euskal presoei ezarri zaien salbuespenezko batekin amaitzea. 07/2014 legearen erreformarekin zigorren luzaketarekin amaitzea lortuko dugu, hainbat eta hainbat euskal presok Frantzian zein beste herrialderen batean beteriko zigorrak kontuan hartuko baitira espainiar estatuan betetzen ari diren zigorraren batura totalean, orain arte ez bezala".

Urrats handitzat jotzen du hori Sarek, "hainbeste urteren ondoren, arnas pixka bat ematen diguna. Handia da lege honen erreformarekin askatuko dugun korapiloa. Korapiloetako bat askatzea lortu bada ere, argi dugu oraindik korapilo handiak ditugula askatzeko. Salbuespenezko entzutegi nazionala da oraindik ere euskal preso, iheslari eta deportatuen auzien ardura duena, eta 07/2003 legeak indarrean jarraitzen du, zeinak hainbat euskal presori 40 urteko zigor integroa ezartzen dien".

Horren harira, gaineratu zutenez, "oraindik lana dugula argi izanda, aldarrikatzen jarraituko dugu datozen hilabeteetan, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearekin batera gatazkaren konponbideari ateak irekitzeko garaia dela argi esanez".