Zumartek 40 urte

"Hemen nahi zaituztegu beste 40 urtez edo gehiagoz"

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 29a, 11:02

Bart ekin dio Zumarte Musika Eskolak betetako 40 urteak ospatzeari.

 

Ospakizunen ziklo betean sartu da Zumarte Musika Eskola, bart abiarazitako hitzorduarekin. Suziri eta guzti, behar bezalako txupinazoa jaurtita ekin diote betetako 40 urteko ibilbideari gorazarre egiteko ekainera arte luzatuko duten tarteari.

Zumartetik helarazitako irudiotan ikus dezakezuen moduan, talde argazki handi bat atera zuten ostegun iluntzean Mikel Laboa plazan, eta elkarrekin kantuan aritu ziren. Eguraldia tarteko, astebete atzeratu behar izan zuten Santa Zezili egunaren (musikarien egunaren) bezperako kalejirarekin ekin zioten Zumarte paretik hitzordu honi eta ibilbide horretan zehar, geldialdi nagusia izan zuten frontoi atzealdea, "Egun da Santi Mamiña" abesti ezagunaren erritmora sortutako bertsoak elkarrekin abesteko.

40. urtemugari gorazarre egiten diote bertsook, urteurreneko ospakizunetan murgiltzeko gonbita plazaratzearekin batera.

"Eskerrik onena herri honi musika eskola bat oparitzeagatik"
"40 urte, erraz esaten da baina ez da makala", zioen abesten hasi aurretik, Zumarteko lehendakari Agurne Alkortak. Hazten eta hazi ahala sendotzen joan den proiektu gisa definitu zuen musika eskola eta ikuspegi horretatik jorratu zuen lau hamarkada hauen gainbegiratua.

"Duela 40 urte txistulari batzuk elkarri begira irudikatzen ditut, musika eskola bat sortzeko ideia horrekin, tokirik gabe, ikasle gutxi batzuekin. Halere, gogoz eta ilusioz lanean hasi ziren, Roman Txus eta Iñaki".

Gogora ekarri zuen moduan, "ikuilu bat musika eskolan bihurtu zuten". Hasiera ez erraza, dena egiteke, "zalantzak mila, helburuak finkatzeko, leku gabe... Zenbat lan eta zenbat zama. Hemendik haiei eskerrik onena, herri honi musika eskola bat oparitzeagatik".

Gerora etorri ziren Kale Nagusiko Villa Pilar eraikin zaharrera leku aldaketa, irakasle taldearen osatzea, "erabaki zailak baina ilusioa galdu gabe berriz ere". Eta bertan hazten eta indartzen segi zuen Zumartek. "Instrumentu eskaintza asko handitu zen, abesbatza erraldoia, orkesta, txaranga, bidaiak Bartzelonara, Madrilera, Islandiara...".

Azkenetako mugarri garrantzitsua urteotan berreraikitako eraikina izan da. "Horrek eman digu lasaitasuna eta segurtasuna. Segurtasuna deritzot, Udalak teilatupe berri bikaina eman digulako eta horrek eman dizkigulako gure hegalak zabaltzeko aukera paregabea", Zumarteko lehendakariak nabarmendu zuenez.

Egun, "geroz eta jende gehiago dabil musika eskolan, geroz eta adin, genero, musika talde gehiago eta hortaz baino harroago ezin gara egon. Lasaitasuna diot, ikasturteak errazago direlako, badakigulako nola funtzionatu, ekintzak sendotu zaizkigulako eta horrek ematen duen lasaitasunagatik".

Aurrera begira, "gure helburuak asko badira ere, bat behintzat garbi daukagu; musika herriarentzat eta herria musikarentzat" egiten segitzea. Mikel Laboa plazan bildutakoei adierazi zienez, "hemen nahi zaituztegu beste 40 urtez edo gehiagoz". 40. urteurreneko ospakizunen abiapuntua izan zen ostegun iluntzekoa. Ekainera arte hilero hitzordurik izango da ospakizunetan den Zumarterekin.


Zumartek 40 urte
Egun da Santi Mamiña
Benetan egun samina
Goiko zeruan gorde dezala
Luzaro neure arima

1
Badira berrogei urte
Jaio zinela Zumarte
Musika biziz segiko degu
Beste berrehun bete arte

2
Herriko txistulariak
Izan ziran sortzailiak
Urtetan zenbat fruitu eman du(e)n
Hor ereindako haziak

3
Soka, perkusio, haize,
Afina desafinatze
Ospakizunak hastera doaz
Nahi zaituztegu konplize

4
Kortxea, beltz ta borobil
Musikatik beti hurbil
Berrogeigarren urteurrena
Hastera doa Usurbil!