Urte amaierako deialdiei begira Sare

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 30a, 08:42

Ostiral iluntzean eginiko hileroko mobilizazioan urte amaierako deialdiak aurreratu zituen Sarek.

Urte amaiera deialdiz josia datorrela iragarri zuen Usurbilgo Sarek, ostiral iluntzean Mikel Laboa plazan egindako hileroko mobilizazioan. "Animatu gurekin batera, bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren bidean aldarri egitera gabonetan ere", egin zuten gonbita. Euskal Herri mailako deialdi hauek finkatuak dituzte dagoeneko, honako hauek:
-Abenduak 6, ostirala, 12:00: Durangoko Azokan, Etxera Kantuz topaketa.
-Abenduak 20, ostirala: Hego Euskal Herriko sindikatuekin batera, gatazkaren konponbide prozesua bururaino gauzatu dadin aldarrikatzeko prestasuna adierazteko mobilizazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan.
-Gabonetako herrialde mailako mobilizazioak.
-Urtarrilak 11, larunbata, 17:00: "Behin betiko" aldarripean, mobilizazio nazionala Bilboko La Casillatik.

Deialdi hauei, herriz herri egingo diren mobilizazioak batu behar zaizkie. Usurbili dagozkionak aurrerago iragartzekotan geratu da Usurbilgo Sare. "Handiak izan dira azken egunotan emandako pausoak, baina handiak dira oraindik ere emateko ditugunak. Jarrai dezagun, beraz, elkar hartuta lanean, guztion lanarekin lortuko baitugu horren beharrezko dugun gatazkaren konponbideari behin betiko amaiera ematea".

Azken aldiko pausoen artean, gogora ekarri du Usurbilgo Sarek urriaren 26an eginiko konferentzia. "Martina Andersonek zein Brian Currinek nazioarteko ekarpena egiteaz gainera, Laura Pego, Jon Mirena Landa eta Jaime Tapia izan genituen ondoan bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren bidean ematen ari garen pausoak aztertu eta aurrera begirako gakoak lantzeko".

Bideo honetan duzue konferentzia osorik: