Zubietako erraustegia

Erraustegiaren kontrol demokratikorako mahaia osatzea eta baimena berrikustea galdegin zuten

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 30a, 09:28

BioGipuzkoak Zubietako erraustegiaren eraginari buruz aurkezturiko Usurbilgo datu kezkagarrien aurrean, bi proposamen aurkeztu zituzten GuraSOSek eta Anerreka Ingurumen Elkarteak ostiral iluntzean Sutegin eginiko informazio bileran.

"Beverly Hillseko fondo buitre batek gidatzen duen, ITV pasako ez lukeen kotxe zahar eta kutsatzaile baten barruan gaude, aldapa behera, ziztu bizian, pareta baten aurka jotzeko arriskuan. Zerbait egin behar dugu! Ezin dugu kotxe hori denbora luzean zirkulatzen utzi eta urgentziazko konponketa batzuk egiteko eskatu behar dugu. Dagoeneko motorretik ihes egiten dion keak gure odola pozoitu du. Bestela....".

Adibide horrekin deskribatu nahi izan zuten GuraSOSek eta Anerreka Ingurumen Elkarteak udalerri honek erraustegiarekin bizi duen egoera, ostiral iluntzean Sutegin deitutako informazio bileran.

"Arazo handia dugu", ohartarazi eta zerbait egin beharra dagoela gaineratu zuten. Zubietako erraustegia sustaturiko Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz, azpiegitura horri buruz BioGipuzkoak eginiko azterketa epidemiologikoari lotutako emaitza kezkagarriak aurkeztu zituzten Sutegin.

Kontrol demokratikoaren mahaia
Testuinguru horretan, datu horien aurrean, zerbait egin beharra adierazi zuten eta bi proposamen aurkeztu zituzten. Batetik, kontrol demokratikoaren mahaia osatzea galdegin zuten; elkarkidetza iraunkorrekoa izango dena, eredu irekia eta parte hartzailea izango duena, auditoria independentea bideratuko duena, unean uneko datuak jasotzea ahalbidetuko duen protokolo adostua diseinatuko duena, koordinazio eta parte hartze maahia izango dena edota duela bost urtetik martxan den erraustegiaren itxieraren epeak, baldintzak... adostuko dituena.

Zubieta gaineko instalakuntzaren ingurumen baimena berrikustea galdegin zuten ere. Horren baitan, substantzia guztien isurketa mugak gehitzea, kontrola gehitu eta bermatzea (zer, nola erre...), udal hondakinak sartzen direla soilik bermatzea, edota erraustegiak guztion osasunean duen eraginari lotutako jarraipena ikerketa iraunkorra sustatzea eskatu zuten.

Europak dioena aintzat hartzea
Erraustegiaren ingurumen baimena Europako auzitegiaren epaira egokitzea ere galdegin zuten. Izan ere, BioGipuzkoaren ikerlana ezagutarazi zen garai beretsuan, 2024ko maiatzean, Italiako Milango altzairu-fabrika baten aurkako ebazpena kaleratu zuen justizia europarrak, Sutegiko informazio bileran berri eman zutenez. Antza, lantegi hau inguruko biztanleengan izaten ari zen eragin kaltegarria tarteko, herritarrek auzitegietan salatu zuten lantegi hau.

Horren aurrean, epaitegiak dio, ingurumena eta osasuna babestu behar direla, zuhurtzia eta prebentzio irizpideak aplikatu behar direla edota zientzialarien datuak aintzakotzat hartu behar direla. Epai honek dioen horretara egokitzea galdegin zuten baita Zubietako erraustegiaren ingurumen baimena.

"Asko dago erabakitzeko", gogorarazi zuten Sutegiko ekitaldian. Aurrera begira, udalekin biltzeko asmoa agertu zuten, baita Gipuzkoako Batzar Nagusietara joatekoa ere. Ildo beretik, hitzordua baliatu nahi izan zuen Anerreka Ingurumen Elkarteak erraustegiarekiko soilik ez, Usurbilgo Ucin lantegiarekiko kezka ere agertzeko. "Filtro berriekin" ekoizpena bikoiztu duela ohartarazi zuen, isurketa muga nabarmen gainditu dutela jakinaraztearekin batera azkeneko urtebetean.