Bi ikerketa epidemiologiko egin ditu orain arte Gipuzkoako Foru Aldundiak haiek deitutako "Gipuzkoako Ingurumen Zentroari" buruz, alegia, Zubieta gainean eraiki eta piztu zutela bost urte bete berri dituen erraustegiari buruz. Lehenengoa, 2017-19 artekoa da, bigarrena 2019-24 artekoa. Biak ala biak esteka honetan kontsulta daitezke: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ingurumena/hiri-hondakinak/azpiegiturak
Txosten hauen egilea, osasun gaien ikerkuntza sustatzen duen BioGipuzkoa izan da, ikertzaile nagusia Jesus Ibarluzea Maurolagoitia. Lau ikerlan jorratu dituzte; atmosferako immisioa, biomarkatzaileak, biztanleriaren osasuna eta tokiko elikagaiak eta lurzoruak.
Txosten hori, iragan maiatzaren 9an aurkeztu zuten foru ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok eta ikerketaren arduradun nagusi Jesus Ibarluzeak Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordean. Esteka honetan ikusi eta entzun dezakezue haien aurkezpena osorik: https://jggipuzkoa.seneca.tv/watch?id=YmRkMzExNjItYjI5NC00MjA3LTgwZjUtMzZiY2JiMDg1ZjAx
"Ibarluzeak lasaitasun mezua helarazi zuen", kutsadura arazo larririk ez zegoela erraustegia inguratzen duten udalerrietan. Bertan "zabaldutako mezua ez dator bat txosteneko emaitzekin", salatu zuten GuraSOSek eta Anerreka ingurumen elkarteak ostiral iluntzean Sutegin deitutako informazio bileran. Txostena arakatzen aritu dira hilabeteotan Sutegiko informazio bileraren deitzaileak eta kezkagarritzat jo dituzten datuen berri jaso dute. Txosteneko orrialdeetan barneratuz gero, bestelako errealitatea deskribatzen dute inguru honi buruz. Datuak era nahasian aurkeztu dituztela, zehaztasun falta nabarmenekin eta emisioen gaindiketak baztertzera jotzen duela txosten horrek. "Ez ditu kontuan hartzen, erraustegian sortutako toxiko asko".
Kutsatzaileen handitzea
Ikerlaneko hainbat datu ezagutarazi zituzten, deitzaileen esanetan, egileek Gipuzkoako Batzar Nagusietan nabarmendu ez zituztenak. Horien berri eman dute ostiral iluntze honetan Sutegiko auditorioan antolaturiko informazio bileran. Hitza hartu zuten Anerreka ingurumen elkarteko eta GuraSOSen ordezkariek, Felix Olaetxeak eta Joseba Belaustegik hurrenez hurren. Haiekin zen baita, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldearen dinamiketan parte hartu izan duen Xabier Mitxelena medikua.
Gogorarazi zutenez, BioGipuzkoak bi eremu aztertu ditu; batetik, erraustegiaren bueltako udalerriak; Usurbil, Lasarte-Oria edota Andoain, baita Goierriko zenbait udalerri ere. Bi eremuotako hainbat herritarren odola eta gernu azterketetan oinarritu dute ikerlana; usurbildar hainbatena bildu dute tartean. Orohar, ikerlanaren arabera, "dioxinen, furanoen, dl-PCBen baturari eta dioxina motako konposatu guztien baturari dagokienez," alde esanguratsurik ez dagoela dioen arren, bada salbuespen bat; Usurbil.
Emaitza kezkagarriak biltzen ditu ikerlan horrek udalerri honi dagokionean, Sutegin nabarmendu zutenez; dioxina eta PCB-en handitze esanguratsua laginak jaso dituzten usurbildar guztien kasuan, "non bataz besteko balioa 3.20 pgTEQ/g igo den (1.16 pgTEQ/g dioxinetan eta 2.04 pgTEQ/g dl-PCBetan), eta horrek %36,25eko gehikuntza dakar dioxinen kasuan eta % 63,75ekoa dl-PCBen kasuan". Sutegin zehaztu zutenez, "dixoinen kontzentrazioa %40" hazi da 2019-23 artean".
Biltzeari uko egin zioten
Paraleloki, 2019. urteaz geroztik, erraustegia piztu aurretik laginak hartu eta erraustegiaren eragina ikertzen hasi zen Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren eskariz Holandako Toxico Watch fundazioa. Ordutik, erraustegia martxan jarri aurretik eta ondoren, urtez urte aritu da behatzen Zubieta gaineko instalakuntza eragiten ari den kutsadura. Kutsatzaileen hazkuntza nabarmendu dute urtez urte. Aurten, gainera, urrats berri bat eman dute. Izan ere, 2024ko maiatzean Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldia egin zuten ikerketa honen egileek. Maiatzaren 27rako zuten hitzartua bilera hau. Agerraldi hura, osorik, esteka honetan ikusi eta entzun dezakezue: https://jggipuzkoa.seneca.tv/watch?id=OTkyNzVlNDctNGM1NS00NThiLTg5MmMtNTIyMWQ1YWU0MWQ1
Data hau gogora ekarri zuten ostiralean Sutegin. Izan ere, hiru aste lehenago, "hilaren 9an bere agerraldia eskatu zuen foru ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok". Bilera hartan aurkeztu zuten Gipuzkoaren txostena.
ToxicoWacheko kideek bilera galdegin zuten BioGipuzkoaren txosteneko egileekin. "Ez zen erantzunik egon", Sutegiko bileran berri eman zutenez.
Kontrol falta
BioGipuzkoaren datuak eskuartean eta maiatzean eginiko aurkezpena kontuan hartuta, Sutegiko informazio bileran herritarrek erraustegirekiko duten pertzepzioa aldaraztea zela helburua ohartarazi zuten, errealitatea oso bestelakoa dela deskribatu zuten arren. Izan ere, gogora ekarri zituzten, erraustegia piztu zutenetik bost urteotan izandako matxurak, geldialdi ez programatuak eta ondorioz abiatze bakoitzean eragindako kutsadura handiagoa, Arkaitzerrekako isurketak, Nafarroako Artaxoara helarazitako hondakin arriskutsuak...
Erraustegiaren kontrol falta salatu zuten. "Kontrolatzen ez diren substantzien isurketa" salatu zuten.