Kirolak elkartu ditu oraingoan Elkarrekin Egunean herriko emakume mordo bat. Goizeko hamarretan entrenamendu funtzionalarekin hasi dute eguna kiroldegiko tatamian MOOV gimnasioko monitoreen laguntzarekin.
Beroketa saioa eta gorputz ariketa dezente egin dituzte binaka zein banaka mugikortasuna hobetzeko. Ordubete pasatxoko saioa izan da, eta amaitu bezain pronto, Andoni Zubeldia herritar nutrizionistarekin bildu dira.
Nutrizionistak azalpenak eta gomendioak eman dizkie emakumeen bizitzako etapa bakoitzean ulertzeko zeri eman behar dioten garrantzia. Nerabezaroan zein hilekoaren zikloaren barnean zeri erreparatu eta sintomatologia hobetzeko aholkuak jaso dituzte, bai eta haurdunaldi zein edoskitzean ere. Jakina, menopausia ere hizpide izan dute. Galderen tartean, emakume askok egin dizkiote galderak nutrizionistari: zenbat ur edan, karbohidratoak edo proteinei buruzko zalantzak...
Azkenik, hamaiketako bikaina egiteko aukera izan dute janari bete zeuden hiru mahaietako elikagaiak nahastuta.