23. Erle Eguna

Ezti-poto onenak saritu dituzte, erleak ekarritako txapelekin

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 30a, 20:00

23 Erle Egun honetan, ikusmin handiena eragin duen uneko irudi sorta duzue segidan; ezti lehiaketako sariketa ekitaldiarena hain zuzen.

Duela astebete Dema plazako ertz batean atseden hartzen geratu behar izan zuen erleak, azaroaren 24an izan genuen haize denboralea tarteko. Izan ere, ondorioz, bertan behera utzi behar izan zuten 23. Erle Eguna. Aste hasieran gaur egitea erabaki zuten antolatzaileek eta larunbat honetan, azaroaren 30ean bai; giro eguzkitsu eta epel askoarekin ospatu da urteko hitzordu gozoena.

Iragan igandean, plazako ertz batean geratu behar izan zuen erlea, jaiaren erdigunera itzuli da 13:30ak aldera ospaturiko ezti lehiaketako sari banaketa ekitaldian. Ohi bezala, Salbatore elizako kanpandorretik ekarri ditu Euskal Herri mailako 23. txapelketa honen sariak, txapelak. Ikusmin itzela eragin du, bereziki, une hau bizitzeko irrikitan izaten diren gaztetxoenen artean. Gerturatu ahala, erle handia ukitzen ere saiatu dira. Txalo artean egin diote harrera, baita bere gaurko zeregina eginda kanpandorrentzat itzultzen hasi denean ere.

Segidan duzue sarituen zerrenda. Garaileak nor izan erabakitzen jardun du, ohi bezala, denen bistan, frontoi erdigunean, goizean zehar zeregin horretan jardundako epaimahaiak. Ez dute lan makala izan; antolatzaileen esanetan, 51 ezti-poto lehiatu dira aurtengo edizioan.

Euskal Herriko 23. Ezti Lehiaketa
Milalore motakoak:
1. saria: Juan Elgarresta.
2. saria: Beñat Elorza.

Ezti argia:
1. saria: Ibai Ormaetxea.
2. saria: Markel Lizasoain.

Ezti iluna:
1. saria: Beñat Elorza.
2. saria: Igor Merino.