Hilabeteko tartean, bigarren azoka gaur Usurbilen, azaroaren 1eko artisauenaren ondotik. Igandean, abenduaren lehenean ospatuko da Hurbilagorena eta bi aste barru helduko dira Santuenean gabon giroan antolatzen dutena edota NOAUA! K.E.-ren San Tomas azoka.
Bigarren honek, aurten, haize denboraleagatik ohi baino astebete beranduago heldu dena, bereizgarri bat badu gainerakoen aldean; azoka honi darion gozotasuna. Larunbat goiz eta eguerdi partean, azaroaren 30ean plazan egindako 23. Erle Egunaren baitan, urteko azoka gozoena egin dute. Nonahi ikusi ditugu erlezaintzarekin lotutako postuak, eztia dastatu eta erosteko aukera izan da. Horretan aritu dira, eremu horretara joandakoak; osteratxoa egiteaz gain, erosketak egiten.
Ohitura zaharrak berreskuratzen
Geltoki saihestezinezkoa izan da, ohi bezala, Udarregi ikastolako DBH 4. mailako ikasleek ikasturte amaierako bidaiarako postre gozoekin hornitutako postua. Aipatu moduan, ordea, postu gehiago ere kokatu dituzte plazan. Frontoian, aldiz, aspaldiko ohitura bat berreskuratu dute.
Euskal Herriko ezti-poto onena erabakitzeko epaimahaia lanean aritu den tokitik gertu, ohitura zahar bat berreskuratu du Erle Lagunak taldeak; jogurta eztiarekin banatzen hasi dira aurten berriz.
Azoka bizia beraz, baina batez ere, gozoa, oso gozoa izan da aurtengoa ere.