Euskararen Astea

Urteko azken ohiko kantu-jira egin dute

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 30a, 17:30

2024ari dagokion hileroko azken kantu-jiran plazaratu dira Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko kideak. Oraingo hau, Euskararen Astearen baitan eskaini dute.

Euskal kantugintzari gorazarre egiteko tartea hartu du herri honek, hilero azken larunbatetan egin ohi duen moduan, gaur, azaroaren 30ean, Usurbilgo Euskal Kantu Taldearen bidez. Kantu-jiran plazaratu dira beste behin. Mikel Laboa plazatik abiatuta herrian barrena egin duten bira, belaunaldi arteko topaketan bilakatu da oraingoan ere. Gaztetxo talde bat izan dute bidelagun, txirula jotzen baita abesten ere, Jaione Eskuderok zuzenduriko biran.

Ohikoa izan da gaurko hitzordua, baina aurreko hilabetekoekin alderatuta, zertxobait desberdina. Kantuan plazaratu dira Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoak gaur, hilero azken larunbatetan egiten duten moduan; azaroaren 30 honetako saioa, ordea, urteko azkena izan da. Abenduan, eguberrietako oporraldia tarteko, etenaldia izaten dute. Horrekin batera, hamaseigarren ikasturte amaieran dira baita Kantu Taldekoak.

2024a agurtzeko, aldiz, gaurko saioarekin Usurbilgo Euskararen Astea abiatu dute. Beste bi hitzordu aurreikusiak dituzte estreinatzear dugun abendurako. Hasteko, astearteko, abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunean, eta, beraz, Euskararen Astearen baitan, Zumarte Musika Eskolakoekin batera deitutako kalejiran parte hartuko dute. Horrez gain, hilaren 15erako kantu-bazkaria antolatu dute Artzabalen; Bankako Menditarrak taldekoak gonbidatu dituzte azken hitzordu honetara.


Kantu Taldearen urte amaierako ekintzak
Abenduak 3, asteartea
18:00
Euskararen Egunean, kantuan aritzeko aukera Usurbilgo Kantu Taldearen eta Zumarteko ikasleen eskutik. Herriko frontoitik abiatuko dira kalejiran. Kantu-paperak egunean bertan banatuko dituzte edota aurrez eskuratu ahal izango dira Potxoenean.

Abenduak 15, igandea
Ikasturte amaierako kantu-bazkaria Artzabalen, Bankako Menditarrak taldearekin.
Prezioa: 30 euro.
Izen-ematea: abenduaren 10a baino lehen, 943 369 139 telefonoz zenbakian edo Artzabalen.

Oharra:
-"Agiña menua" (30 euro) dastatzeko aukera: urdaiazpiko kroketak, Artzabal entsalada, otarrainxkak plantxan, hiru bigarren platera aukeran eta azkenburukoak ere aukeran. Edaria eta kafea barne.

Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.