Usurbilgo herri ekoizpenaz eta sorkuntzaz egoki asko hornitua dator igande honetako, abenduaren 1eko Hurbilagoren Udazkeneko Azokaren baitan aurkeztu duten 650 Usurbil Bizi Otarra. Aurreko bi edizio arrakastatsuen ondotik, ekimenari eutsi eta hirugarren urtez egitasmo hau abiaraztea erabaki dute sustatzaileek; Usurbilgo Udalak, Kulturguneak eta Hurbilago elkarteak.
Erakunde eta eragileon ordezkariekin batera, aipatu saskirako produktuak eskaini dituzten herriko sortzaile nahiz ekoizle hainbatek frontoian agerraldia egin dute gaur eguerdian, hain zuzen, etxeratu ahalko diren produktuak ikusgai jarri dituzten erakusmahaiaren alboan.
Hurbilagoren gaurko Udazkeneko Azoka osoan zehar ikusi ahal izan dute frontoira joandakoek, aurtengo otarrak dakartzan askotariko osagaiak.
Tokikoaren alde
Bi dira ekimen honen helburuak, antolatzaileek nabarmendu duten moduan; "Usurbilgo ekoizleen eta kultur sortzaileen lanak ezagutaraztea eta herriko saltokietako erosketak bultzatzea".
Elkarlana da aurreko bi urteotako ekimenari segida ematea ahalbidetu duen hitz gakoa. Izan ere, antolaketa lana elkarlanean bideratzen da Hurbilagoren, Udalaren eta Kulturgunearen bidez. Otarrak prestatzeaz arduratuko dira beste behin, bestalde, Udarregi ikastolako DBH4ko ikasleak. "Otar eder-ederrak izango ditugu aurten ere, eta espero dugu zuen gustukoak izatea", adierazi dute gaurko aurkezpenean.
Astelehen honetatik, abenduaren 2tik aurrera, eskuratu ahalko dira otarrok etxeratzeko zozketan parte hartzeko txartelak, herriko saltokietan erosketak egitearen truke. Horretara gonbidatu gaituzte 650 Usurbil Bizi Otarra ekimenaren sustatzaileek. "Parte hartu herriko dendetan, herriko generoa erostera", egin dute gonbita.