Euskararen Egunaren bezpera gaur, nahiz inguruotan, abenduaren 3ko hitzordu honi begirako girotze betean gauden. Izan ere, larunbataz geroztik hainbat ekintza izan ditugu asteburuan, web orrialde honetan bertan berri ematen joan garen moduan.
Larunbat eguerdian, Usurbilgo Euskal Kantu Taldea plazaratu zen urte honi dagokionean azken aldiz, abenduko eguberriak tarteko, hilabete horretako azken larunbatean ez baitute saiorik izaten. Larunbat gauean, Aginagako Eliza Zaharrean goizaldera arte luzaturiko Euskararen Gala ospatu zuten.
Igandean, bestalde, NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik, "Ostirala iritsi da!" izeneko ikuskizuna aurkeztu ziguten Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore laukoteak. Azkenik, Zubietan Bea Egizabalen "Gregoria" izeneko bakarrizketa saioaz gozatu ahal izan zuten arratsaldean bertako elizan. Aginagan, aldiz, "Artea" antzezlana eskaini zuen hango Eliza Zaharrean, Ramon Agirre, Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza hirukoteak.
Ekimenok segida gaur izango dute bazkalostean, Udarregi ikastolan; euskarazko liburuen truke-azoka egingo dute. Biharko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekintza egingo dira; haietako batzuk plazan, goizean Udarregikoen eskutik. Arratsaldean, kantu kalejira berezia antolatu da:
Euskararen Astea
Abenduak 2, astelehena
16:10-16:45 Euskarazko liburuen truke-azoka Udarregi Ikastolan.
Antolatzailea: Udarregi ikastola.
Abenduak 3, asteartea
Goizean zehar, haurrentzako jolasak herrian zehar (kiroldegian, euria balitz).
11:45 Euskararen gorazarrea kantuz Mikel Laboa plazan.
18:00 Kantuan aritzeko aukera izango da Usurbilgo Kantu Taldearen eta Zumarteko ikasleen eskutik. Herriko frontoitik abiatuko dira kalejiran. Kantu-paperak egunean bertan banatuko dituzte edota aurrez eskuratu ahal izango dira Potxoenean.
Antolatzaileak: Udarregi ikastola, Usurbilgo Kantu Taldea eta Zumarte Musika Eskola.