Adi, inskripzio epearen bigarren fasea zabalduko dute gaur "Ibai-Ondo Backyard" ekimeneko antolatzaileek. Gogoan izan, apirilaren 12ko asteburuan Santuenean jokatuko den erronkan izena emateko lehentasuna izan zuten usurbildarrek azaroaren 18tik 24ra. Astelehen honetatik, abenduaren 2tik aurrera edonork eman ahalko du izena. Antolatzaileek sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, gaur arratsaldeko 15:00etan irekiko dute bigarren inskripzio epealdi hau.
Parte hartzeko gogoz direnek backyardibaiondo@gmail.com helbidera idatzi beharko dute. Mezu horretan, norberaren izena eta bi abizenak, helbidea, udalerria, posta kodea, probintzia, telefono zenbakia eta posta elektronikoko helbidea zehaztu beharko dira. Antolakuntzak parte hartzaileen aldetik jasotako emailen hurrenkeraren arabera erabakiko dira nortzuk izango diren parte hartzaileak eta parte hartzaileei jakinaraziko diete nortzuk izan diren onartuak, nortzuk ez, ordaintzeko modua adieraztearekin batera. Erronkako kide bakoitzak 35 euro ordaindu beharko ditu.
Gogoan izan, 100 lagunentzako lekua egongo dela "Ibai-Ondo Backyard" proban. Dagoeneko, usurbildarren izen-emate epea igarota, 69 dortsal geratzen direla ohartarazi dute antolatzaileek. "Gogoratu 69 dortsal geratzen direla inskripzioen lehen fasearen ondoren. Hegan egitera doaz..... Zorte on", adierazi diete sare sozialen bidez, balizko parte hartzaileei.
Itzulia orduero
6,7 kilometroko ibilbidea nahi edo ahal den erritmoan baina ordubete baino lehen osatzea eta hurrengo orduan gauza bera egitea, eta hurrengoan, eta hurrengoan... Nekatu arte edo ordu hori gainditu arte. Horretan datza, datorren udaberrirako Santuenean antolatzen ari diren "Ibai-ondo Backyard" erronka. Munduan barrena hedatzen ari den ekimen berri hau, Euskal Herrira, antolatzaileek duten informazioaren arabera, estreinakoz Santuenera helduko da 2025eko apirilaren 12ko asteburuan.
Ekimenaren aurretik, ibilbidea ezagutu eta hitzordu hau prestatze aldera, topaketa modukoa antolatu asmo dute Santuenean. Aurrerago jakinaraziko dute noiz. Adi, dagoeneko sare sozialetan jarrai ditzakezue ekimen honen nondik norakoak; Instagramen (@ibai_ondo_backyard) nahiz Facebook ("Ibai-ondo Backyard") sare sozialetan.
"Ibai-ondo Backyard"
Eguna: apirilak 12, 13.
Hasiera: apirilaren 12an goizeko 8:00etan.
Abiapuntua eta helmuga: Santueneko frontoia.
Ibilbidea: Santueneko frontoia, auzoa, Atallu eta erriberako bidetik Txokoalde lotuko ditu.
Distantzia: 6,7 kilometro.
Izen-ematea:
-Abenduaren 2tik aurrera: nahi duen orok backyardibaiondo@gmail.com helbidean.
Dortsal kopurua: 100 lagunentzako tokia egongo da.
Zehaztasunak: 6,7 kilometroko ibilbidea ordubete baino lehen osatzean oinarritzen da erronka hau. Ordu hori gainditu arte edo nekatu arte segi ahalko da parte hartzen ekimenean.
Informazio gehiago:
-Instagram: @ibai_ondo_backyard
-Facebook: "Ibai-ondo Backyard"