Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako zortzi finalistak hautatuak

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 2a, 09:08

Finalean herri ordezkaririk ez da izango gutxigatik; Asier Azpiroz Iztueta zubietarra finalaurrekoetara heldu zen. Bestalde, Uxue Fernandez Lasa udaberriko Gipuzkoa Bertsotan txapelketan sailkatu ostean, final-zortzirenetan lehiatu zen.

Osatu dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerako taldea. Aurreikusi moduan, zortzi dira azken saio honetan parte hartuko dutenak. Haietatik hiru, finalaurreko saioetan nagusitu izanagatik zuzenean sailkaturikoak izango dira; Beñat Gaztelumendi Arandia, Alaia Martin Etxebeste eta Oihana Iguaran Barandiaran.

Beste bost kideak puntuazioz sailkatu dira final handirako; Andoni Rekondo Izagirre, Aner Peritz Manterola "Euzkitze", Ane Labaka Mayoz, Eneritz Artetxe Eizagirre eta Nerea Elustondo Plazaola.

Gogoan izan, abenduaren 14an jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, arratsaldeko 17:00etan hasita Donostiako Illunben. Saioko gai-emaileak Ane Ezenarro Beristain eta Iker Iriarte Iribar izango dira. Hitzordurako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian eskura ditzakezue. Bertara joan ezin duenak final hau ETB1 telebista katearen bidez zuzenean ikusi ahalko du, Ilaski Serranok aurkezturiko saio berezian. Jon Martin aditua izango du ondoan.

Herri ordezkaritza izatear
Gutxigatik, ez da herri ordezkaritzarik izango txapelketa honen finalean. Izan ere, bi izan dira edizio honetan lehiatu diren bertsolariak. Batetik, Uxue Fernandez Lasa. Udaberrian Gipuzkoa Bertsotan txapelketatik Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken faserako sailkatu zen. Final-zortzirenetaraino heldu zen.

Udazkeneko faserako sailkatua zen aurreko ediziotik zuzenean, bestalde, Asier Azpiroz Iztueta zubietarra. Final zortzirenetatik final laurdenetara eta hortik finalerdietaraino heldu da.