Urte amaieran herri bizitzak ez du atseden askorik hartzeko tarterik izango. Izan ere, ekitaldi eskaintza zabalarekin agurtuko dugu hilabetea eta urte hau. Larunbataz geroztik abian den Euskararen Astearen baitako azken hitzorduak izango ditugu astearte honetako, abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunean; jolasak edota kantu saioa goizean Udarregi ikastolako LH-koen eskutik edota kantuz blaitutako kalejira Zumarte Musika Eskolarekin eta Kantu Taldearekin iluntzean.
Gero, atseden egunak izango dira herrian; momentuz, ez dago ekitaldirik iragarria datorren astebururako. Abenduaren 9tik aurrera, ordea, hamaika hitzordu izango ditugu. Hasteko, zenbait ziklo; Sortalde Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitateak pobrezia energetikoa eta energiaren erabilera eta kontsumo jasangarria hizpide duten solasaldi bana iragarri du abenduaren 10 eta 17rako.
Zikloak
Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Emakumeon Etxean "Ama ta asunak" egitasmoari leku egingo dio erakusketa eta solasaldiekin. Solasaldiez ari garela, libreki filosofatzeko saioa egingo da hilaren 13an Potxoenean, Jakinmin Elkartearen eta Usurbilgo Oinherri Herri Hezitzailea Elkartearen eskutik.
Sutegi udal liburutegiak bere aldetik, hiru hitzordu antolatu ditu; "abentura zirraragarria" ipuin kontaketa saioa abenduaren 11rako, "Etxe bat, norberarena" izeneko solasaldi poetiko musikatua Yolanda Arrieta eta Peru Galbete herrikideekin hilaren 13an eta amaitzeko, abenduaren 23an, irakurketa solasaldia; Roald Dahlen "Sorginak" izango dute mintzagai.
Kultur-etxeko auditorioan, aldiz, haurrei zuzenduta azaroaz geroztik abian den negu parteko euskarazko zine zikloko hurrengo proiekzioa eskainiko da abenduaren 15ean.
Txokoargi elkarteak ere bi ikastaroko asteburu pasa iragarri du abenduaren 13 eta 14rako; sendabelarrak eta errege opila egiteko trebakuntza saio bana antolatu du Txokoaldeko auzo bilguneak.
Santuenean ere ekitaldi zikloa iragarri dute, urte amaierako ospakizunei begirakoa: gabonetako azoka eta eguberrietako argien piztea hilaren 14an, San Tomas eguneko ospakizuna hilaren 21an, Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera hilaren 24an edota irristaketa ikastaroa 2024a agurtu aurretik.
Urte amaierako ospakizunak
Eguberri giroko ekitaldiak nagusituko dira hain zuzen, abenduko bigarren hamabostalditik aurrera. Hasteko, NOAUA! K.E.-ren San Tomas azoka izango dugu hilaren 15ean. Egun berean agurtuko du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak aurtengo dinamika, Bankako Menditarrak taldekoekin Artzabalen antolaturiko kantu-bazkariarekin. Ikastetxeak oporretara ere kantuan joango dira; lehenbizi Udarregi ikastolakoak hilaren 19an, biharamunean Aginagako eta Zubietako eskolakoak.
Abenduaren 23an helduko dira Mari Domingi eta Olentzero, lehenbizi Aginagara. Biharamunean, hilaren 24an, Kalezartik herri erdigunera. Urtea ohi bezala, Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketarekin agurtuko dugu. Hurbilago elkarteak, halere, beste hitzordu bat izango du herri honekin aldez aurretik. Kulturgunearekin eta Usurbilgo Udalarekin lankidetzan, 650 Usurbil Bizi Otarren zozketa egin eta saridunei otarrak emateko ekitaldia egingo du hilaren 29an.
Kulturgunea aipatu dugu, baina Elkargunea ere hilabete honetako protagonista izango dugu. Izan ere, ekitaldi zikloa iragarri du urte amaierarako.
Magiaz blaituko digute urte amaiera "sasi guztien gainetik..." izeneko gala magikoarekin Sutegin. Abenduaren 28an izango da.
Eta ekitaldi gehiago ere izango dira; "Errio" dokumentala proiektatuko dute, esaterako, abenduaren 22an Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean.
Asteotan eguneratzen joango den egunez eguneko ekitaldi eskaintzaren berri web orrialde honetako "Agenda" atalean kontsultatu ahalko duzue.