Urteko lehen kirol hitzordu nagusietakoa dena prestatzen hasiak dira jada. Zabalik da 2025eko Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako izen-ematea. Urtarrilaren 26rako antolatu dute. Ohi bezala, parte hartzaileak goizeko 9:00etan abiatuko dira Mikel Laboa plazatik bizikleta gainean Andatzako itzulia egitera. Antolatzaileek oroitarazi moduan, ekimen hau "zeharkaldi ez lehiakorra da. Bere helburu bakarra partaideek Andatza mendiaz eta ezaugarritzen gaituen giro ederraz disfrutatzea da".
Iaz bezala, aurten ere parte hartzaileek bi ibilbide izango dituzte aukeran: "bat luzeagoa eta teknikoagoa eta bestea laburragoa eta denek disfrutatzeko modukoa". Zeharkaldi horretan zehar, "anoa gune handi bat egongo da eta amaieran, frontoian beste bat" .
Antolatzaileek argitu dutenez, bestalde, bizikleta elektrikoarekin parte hartu ahalko da.
Txalekoa doan
Izen-emateari dagokionean, aipatu moduan, inskripzio epealdia zabalik da eta hala segiko du urtarrilaren 23ko goizeko 9:30ak arte, 30 euroren truke kronoak.com atarian. Izena ematen dutenek txaleko bat jasoko dute opari, baina adi; abenduaren 16a baino lehen jakinarazi beharko dute zein den bere neurria. "Handik aurrera izena ematen dutenek ere izango dute txalekoa, baina neurria dortsala jasotzerakoan aukeratu beharko dute, momentu horretan gelditzen diren neurrien artean".