Euskararen Eguna

"Guk ere herriari euskaraz"

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 3a, 09:06

Aztarrikak herri hau eraldatzen eta euskalduntzen segitzeko "Hemen, herriari euskaraz" dinamikari ekin dio. Herriko ostalaritza guneetan arreta euskaraz bermatzeko ahaleginean aritu dira, NOAUA!ra helarazitako idatziaren bidez berri eman dutenez.

Euskararen Nazioarteko Egunari begira, Aztarrika gazte mugimenduko kideek eginiko ekarpena dakarkigu lerrootara, ohartarazi duten moduan, abenduaren 3an amaituko ez dena. Herri hau euskalduntzeko oraindik zer egina badela jabetuta, "hemen, herriari euskaraz" izeneko dinamika abiaraztea erabaki zuten. Ostalaritza sektorean jarri nahi izan dute arreta erronka batekin; establezimendu hauetan arreta euskaraz eskaintzen dela bermatzeko asmoz. Horren harira, dinamikaren izena, "hemen herriari euskaraz" dioten pegatinak sortu dituzte. Halakorik ikusten baduzue ostalaritza guneetan, "bertan arreta euskaraz eskaintzeko borondatea" dutela esan nahiko du.

Hasitako bidean urrats gehiago eman asmo dituzte, herri hau eraldatzen segitzeko; "komertzio orori gonbita egiten diogu gurekin harremanetan jarri eta dinamikara atxikitzeko", berri eman dute Aztarrikatik NOAUA!ra helarazitako idatzian. Hemen duzue osorik:



Hemen, herriari euskaraz: gaztetasunetik kaleak euskalduntzen
Sarritan entzun behar izan dugu jada ez garela hain borrokalariak eta konprometituak. Gazteok gure buruari soilik begiratzen diogula eta ez dugula zentzu komunitariorik. Sarritan esan digute konpromezu politikoari uko egiten diogula gaur egungo gazteok, ez zaigula interesatzen.

Aztarrikako gazteok aspaldi identifikatu genuen Usurbil oso herri euskalduna izan arren, hutsune batzuk ere bazituela euskara hutsean bizi daitekeen herri bat izaterako bidean. Gazteok Euskal Herria euskaldun batean kokatzen den Usurbil batekin amesten dugu. Horregatik, Euskararen Eguna gertu geneukala ikusirik, herria are euskaldunago bilakatzerako bidean, gure alea jartzen saiatzea erabaki genuen. Horrela abiatu genuen HEMEN HERRIARI EUSKARAZ dinamika.

Oraingo honetan, ostalaritzara begira jarri gara, izan ere, identifikatuta geneukan bazirela hainbat taberna, kafetegi… oraindik karta euskaraz ez zeukatenak arrazoi ezberdinengatik. Honen aurrean, horietara banan-banan joan eta dinamikaren helburuak azaldu ostean, karta jada euskaraz bazeukaten gure dinamikara atxikitzeko gonbita egin genien. Baita euskaraz eduki ez, baina euskaratzeko konpromezua hartu nahi zuten horiei ere.

Egiari zor, taberna eta kafetegi gehienetan euskarazko karta bermatuta dagoela ikusi ahal izan dugu, eta ez zegoenetan berriz, prestutasuna adierazi digute hizkuntza dinamikak aldatzeko. Hala ere, egon da dinamikara atxikitu nahi izan ez duenik ere. Badakizue, beraz, hemendik aurrera HEMEN HERRIARI EUSKARAZ pegatina ikusten baduzue edozein tabernetako atean, bertan arreta euskaraz eskaintzeko borondatea dutela esan nahiko du. Jakin badakigu erdiguneaz gain, ez garela gainerako auzo eta herri guztietara ailegatu, ez eta tabernak eta kafetegiak ez diren gainerako komertzioetara ere. Baina dinamika hau ez da abenduaren 3an bukatzen, eta aurrera begira, herriko komertzio orori gonbita egiten diogu gurekin harremanetan jarri eta dinamikara atxikitzeko. Gazteok gure herriak are euskaldunagoak izatea nahi dugula garbi daukagu. Gazte Euskaltzale Sareak abiatu duen Euskaraz Biziko Den Belaunaldia dinamikara atxikituz, Aztarrikatik urrats txikien bitartez gure herriak eraldatzen jarraitzeko daukagun konpromezua mahaigaineratu nahi izan dugu dinamika honen bitartez. Bizitza lerratzea da, eta gu euskararen bandoan gaude.