Ez da ohiko astearte bat gaurkoa. Izan ere, abenduak 3 ditu gaur, Euskararen Nazioarteko Eguna dugu eta nabari da Usurbilen. Ikastetxeetan eguneroko dinamika alboratu eta 75. urtemugara heldutako gorazarre egun honetara batu dira. Haietako ekintza batzuk herriko plazaraino atera dituzte.
Izan ere, gorriz seinalatua dago gaurko eguna Usurbilgo egutegian. Udal zerbitzuek jaieguna izaten dute Euskararen Nazioarteko Egun honetan. Ateak itxita zeuden udaletxean, Potxoenean edota Sutegin esaterako. Ezohiko astea izango dute udal zerbitzuek, gaurko jaiegunaren ondotik; ostiralean, abenduaren 6ko jaieguna ohiko laneguna izango dute.