Dirulaguntza lerroetako baten ebazpenaren berri eman zuen Usurbilgo Udalak urria amaieran eta huraxe berriz jakinaraztea erabaki du une hartan "ez zelako bere osotasunean argitaratu". Izan ere, urriaren 28ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez igogailuak instalatzeko lanak egindakoek eskatu zituzten udal dirulaguntzen ebazpenaren berri eman zuen Udalak.
Orain aipatu zuzenketa eginda, ebazpen hau berriz plazaratu dute. Atzoko, abenduaren 3ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean klikatuta ikus dezakezuen ebazpena behin-behinekoa da. Bertan kontsulta daiteke onartuak eta baztertuak izan diren eskaeren zerrendak. Gaurtik, hilaren 4tik zenbatzen hasita, 10 laneguneko epea izango dute interesdunek "ebazpen-proposamen honi alegazioak aurkezteko beharrezko ikusten badute". Ohi bezala, "aipatutako epean alegaziorik aurkeztuko ez balitz, ebazpen proposamen hau finkoa izango da".
Gogoan izan, "Usurbilgo udalerrian bi solairu edo gehiago izan eta nagusiki etxebizitzarako erabiltzen diren eraikinetan igogailua instalatzeko dirulaguntzen oinarriak onartu zituen" Udalak urte hasieran, urtarrilaren 11n. Zortzi egun geroago, oinarriok kaleratu eta eskabideak aurkezteko epealdia ireki zuen. Denbora tarte horretan, berrogei eskaera aurkeztu ziren. Apirilean dirulaguntza lerro honetara 10.000 euro gehiago bideratzea erabaki zuen Udalak.