Negu giroa ate joka, abisu horian larunbatetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 5a, 08:25

Haizeagatik eta euriagatik abisu horian izango gara larunbatetik, abenduaren 7tik aurrera.

Negu giro beteko egunak datoz. Hala dio behintzat, Euskalmet meteorologia agentziaren iragarpenak. Larunbatetik, abenduaren 7tik aurrera, abisu horian izango gara euriagatik eta haizeagatik. Euriari dagokionean, prezipitazio iraunkorrari lotutako abisu horia izango da indarrean larunbat eguerditik aurrera. "Larunbata, 12etatik (ordu lokala) astelehena, 12etara (ordu lokala) 24 orduan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke Kantauri isurialdean. Zaparrada ertainak egingo ditu, iraunkorrak eta ugariak", ohartarazi du Euskalmet-ek.

Bestalde, haizeagatik ere abisu horia indarrean izango da larunbat goizeko 9:00etatik aurrera. "Ipar-mendebaldeko haize boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete" haizeguneetan eta haizeguneak ez diren tokietan 60-80 km/h arteko boladak izan ditzakegu.

Larunbatetik aurrera biziko dugun negu giroaren aurretik, gaur, hilak 5, Usurbilen, "zerua tarteka hodeitsu, erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Euri txikia egin dezake han-hemenka. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da: egunaren lehenengo partean hegoaldekoa nagusituko da eta bigarrenean iparraldekoa. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Ostiralean, abenduaren 6an, "zerua hodeitsu egongo da, tarte oso hodeitsuekin; azken orduetan hodeiak gutxitu egingo dira. Euri txikia egin dezake, noizbehinka ertaina. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da: egunaren lehengo partean eta azken orduetan hego-mendebaldekoa nagusituko da. Tenperatura minimoak nahikoa igoko dira eta maximoetan aldaketarik ez".

Larunbatean, "zerua partez hodeitua egongo da goizaldean eta oso hodeitsu gainerako orduetan. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du goizean goizetik, ugariago eguerditik aurrera. Goizaldean hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorren batekin; goizean goiz ipar-mendebaldera egingo du, bizi ibiliko da bolada gogorrekin, eta oso gogorren batekin haizeguneetan. Tenperatura jaitsi egingo da: minimoak nahikoa eta maximoak nabarmen".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.