Usurbildar gehiago gaur, 59. Durangoko Azokan

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 6a, 08:44

Herri honetako sorkuntza eta sortzaile gehiago erakarriko ditu 59. Durangoko Azokaren bigarren egun honek.

Bigarren azoka eguna gaur Durangon. Atzo bezala Usurbilgo sorkuntza eta sortzaileen hainbat hitzordu izango dira Landakon. Ostegunean, esaterako, Amebaren kontzertuaz gozatzeko aukera izan zen edota abenduaren 22an Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean proiektatuko den "Errio" filma eskaini zuten.

Ostiral honetan, abenduaren 6an, Idoia Torregarairen, Yolanda Arrietaren, Jakoba Errekondoren eta Antton Olariagaren txanda izango da:

Usurbilgo herri ordezkaritza 59. Durangoko Azokan
Abenduak 6, ostirala
11:00-11:30 Talaia-Landakogunean: 2025eko Euskaraldiaren abestiaren aurkezpena.
Zehaztasunak: "Hurrengo Euskaraldia 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da. Antolatzaileek laugarren edizio honetako abestia aurkeztuko dute".

12:30 Idoia Torregarai bere "Mikroipuinak" eskuragarri jarriko dituen postuan izango da Zaldierorekin batera.

13:00-13:30 Saguganbara-Elkartegian: Yolanda Arrieta Malaxetxebarriaren "Gutunak birramamari" liburu aurkezpena. Yolanda Arrieta izango da aurkezpenean.
Nori zuzendua: 8 urtetik gorako umeentzat.
Zehaztasunak: "Asak zortzi urte dauzka eta lau neba-arreba txiki. Bi edo hiru lekutan bizi izan da oraingo herrira etorri baino lehen. Zortzi urte egin zituenean, birramama hil zitzaion. Asak asko maite zuen. Orain, beste modu bat aurkitu du harekin hitz egiteko: gutunak".

16:00-16:40 Kabi@-Landakogunean: Elhuyarren "Adimen artifizial sortzailea?" mahaingurua.
Zehaztasunak: "Azken bi urteotan agertu diren adimen artifizialak, sortzaile deiturikoak, eztabaida piztu dute gizartean eta baita kultur arloan ere: zer dira, hezur haragizko sortzaileen lan-tresna edo langabeziara bidaliko dituen teknologia? Nondik elikatzen dira adimen artifizialak eta norena da haiekin sortutako testu, irudi eta kantuen jabetza? Oraingoan sortzaileei eskainiko diegu arreta, galdera horiei erantzuten ahalegindu eta teknologia honen inguruan ikuspuntu ezberdinak partekatzeko. Eztabaida zabaldu adimen artifiziala kontutan hartzeko beste osagai bat den mundu honetan".

17:00-17:30 Szenatokia-San Agustin Kultur Gunean Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenaren "Ztandap, binakako bakarrizketak".
Zehaztasunak: “Bakean Dagoena Bakean Utzi” eta “Luze edo Motz” emankizun arrakastatsuen haritik, “ZtandaP” ikuskizun honetan ere Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik generoa hartuko dute umoregai eta eguneroko gaiak lehertzen saiatuko dira betaurreko umoreak jantzita. Horretarako orgasmo arrakala, maitasun erromantikoa, señorak eta elkarbizitza izango dituzte hizpide, besteak beste. Kritika eginez, deseraikiz eta barre eginez bazterrak eztanda arazteko prest daude!".

17:00-17:30 Talaia-Durangoko Museoan: Argiaren "Ilargia eta landareak agenda 2025" aurkezpena.
Zehaztasunak: "Agenda hau bezalakorik ez duzu topatuko euskaraz. Ilargiaren araberako urte guztiko lanak, astero nola egin baratzean, fruitu arboletan, lorategian eta basoan: noiz eta zer erein, zer landatu, nola inausi, nola tratatu, zer uzta jaso, nola txertatu… Zortzigarren urtez, Jakoba Errekondoren urteetako jakintza eta esperimentazioa topatuko dituzu, zehaztasunez eta mimoz egindako lan honetan. Antton Olariagarenak dira azala eta barruan dauden animalia laguntzaileei buruzko hamahiru lamina ikusgarri".


Abenduak 7, larunbata
13:00-13:30 Ahotsenea Literaturan: "Gu Tupust!", Tupust! Komiki Kolektiboak argitaratutako antologiaren hirugarren eta azkeneko alearen aurkezpena.
Zehaztasunak: "Hogeitabat komiki, Euskal Herriko txoko ezberdinetako hogeita hiru egile eta helburu bakarra: komikigintzatik eta euskaraz, eredu tradizional heteropatriarkalaren deseraikitzea". Tartean da, Ainara Azpiazu Aduriz "Axpi"ren sortze lana.

17:30-18:00 Talaia-Landakogunean: "Ilargia egutegia 2025" Argiaren egutegia aurkeztuko du Jakoba Errekondok.


Abenduak 8, igandea
12:00-12:30 Saguganbara-Elkartegian: "Lamiak eta emagina" Denonartean-en liburu aurkezpena.
Nori zuzendua: 4 urtetik gorako umeentzat.
Zehaztasunak: "Iñaki Martiarena Otxotorenak eta Ixabel Agirresarobe Arzallusek, liburuaren egileek, kontakizun marraztua egingo dute. Lamia bat erditzen ari da. Arazo bat dela-eta, laguntza eske joango dira lamiak, herrira. Ez ohiko kondaira bitxi eta harrigarria dakar Ixabelek, Mattinen marrazkiak lagun dituela".

12:30-13:30 Talaia-Durangoko Museoan: "DA! Karten baten historia. Euskal Irudigileak" elkarrizketa saioa Balu eta Ainara Azpiazu Aduriz "Axpi"-rekin.
Zehaztasunak: "Kartelek gure historia kontatzen digute, baina… ba al dakigu nola jaiotzen den kartel bat? Elkarrizketa honen bidez, Durangoko Azokarako kartela egiteko Balu artista multidisziplinarrak eta Udane Juaristi muralgileak lau eskutara egindako prozesuaren berri izango dugu. Collagearen prozesuen berri izateaz gain, beren ibilbide artistikoari begira ere jarriko gara, beren lan egiteko modua ezagutzearekin batera, aritzen diren esparruaren nondik-norakoak ere aztertuko ditugu".

Azokaren ordutegia: 10:30-20:00 (abenduaren 8an 18:00ak arte).

Egitarau osoa eta informazio gehiago, durangokoazoka.eus atarian duzue.