Alkateari eta gizarte langileei babesa adierazteko adierazpen instituzionala
Usurbilgo Udalbatza osatzen dugun hiru alderdi politikook honako adierazpena sustatzeko beharra sentitu dugu, azken hilabete luzeotan herriko alkateak eta gizarte langileek herritar baten aldetik jasaten ari diren eraso eta irain etengabeengatik.
Urtebete inguru egin behar da atzera herritar honekin izandako arazoen karietara jotzeko. Ordura arte bizi ziren etxebizitzaren kontratua amaitzearen ondorioz eta beste bizileku bat topatzeko zailtasunen aurrean, udalera jo zuen larrialdietarako etxebizitza bat eskatuz. Udaletik egin den kudeaketarekin kexu izan da hasieratik, eta oraindik ere bere horretan jarraitzen du. Hasieratik gaur arte, ia urtebetez, etengabeak izan dira, ondorioz, alkateak eta gizarte langileek jasan behar izan dituzten irainak, erasoak eta mehatxuak.
Email bidez ia egunero jasotzen dituzte mezu onartezinak, gisa honetakoak, esate baterako:
-“Para cobrar más de 3000€ como asistentes sociales no valéis nada, como personas menos, y la humildad se os perdió cuando nacisteis, MANTENEMOS MUCHO HIJO DEP..”
-“La alcaldesa sabe lo que es que te priven de vivir con tus hijas, aun así ella hace lo mismo con los hijos de los demás.. MISMO PERRO DIFERENTE COLLAR, no es mejor que los que le privaron de ello, es peor que la extrema derecha...“
-“Los asistentes sociales hoy no os merecéis el sueldo que cobráis. Mantenemos mucha GENTUZA”.
-“ESPERO QUE LO QUE GANAIS LOS SERVICIOS SOCIALES Y LA CONCEJAL DE LO SOCIAL LO QUE GANAIS OS LO GASTEIS EN MEDICINAS, PARA VOSOTROS Y VUESTRAS FAMILIA, EL KARMA TODO LO DEVUELVE, ASESINOS DE LA DIGNIDAD.”
Alkatearen etxe inguruan ere kartelak eta pintadak maiz azaldu dira, “alcaldesa asesina”, “alabak etxera”, “hija de puta” edo “zorra” gisakoak. Azken hilabeteotako mezuetan alkatearen eremu pribatuan ere sartu da, eta bere alaben aipamena etengabea izan da.
Gizarte Zerbitzuen departamenduari su emango ziola mehatxu ere egin du inoiz telefono deietan, bai eta eraso egingo ziela mehatxu egin ere.
Euren kexuen aurrean azalpenak behin eta berriz eman zaizkio udal langileen aldetik eta irainak eta erasoak eteteko eskatu izan dio alkateak behin eta berriz. Haatik, bere jarrera oldarkorrean jarraitzen zuela ikusirik, alkateak epaitegian haren aurkako salaketa jartzea erabaki zuen, eta abenduaren 3an deitu dute deklaratzera.
Udalbatza honen ustez, Udaleko alkateak herritarraren aurka jarritako salaketa ezinbesteko urratsa da Udalaren funtzionamendu normala eragozten duen jazarpen publikoa geldiarazteko, eta, horrela, eskubide zibikoak gehiegikeriaz ez gauzatzea bermatzen da. Herritarren adierazpen askatasuna eta erakundeon jarduna kritikatzea eta horien aurrean kalean haserrea, protesta eta kexua azaltzea beharrezkoa eta zilegi bada ere, herritar horrek marra gorriak gainditu ditu.
Onartezinak dira gisa horretako irainak eta mehatxuak, eta horregatik gure babesa adierazi nahi diegu alkateari eta gizarte langileei. Euren profesionaltasuna ez dugu zalantzen jartzen.
Gogorarazi eta nabarmendu egin nahi dugu, gainera, horixe bera adierazi zuela Arartekoak otsailean kaleratu zuen ebazpenean, herritar honek erakunde hartan tartekatutako kexuaren harira. Arartekoari Gizarte Zerbitzuetatik burutu kudeaketa osoa jasotzen zuen espediente osoa igorri zitzaion, eta Arartekoak ebatzi zuen Usurbilgo Udalak zuzen jokatu zuela, eta, horrenbestez, itxi eta artxibatu egin zuen herritar honek erakunde hartara igorritako kexa- espedientea, egiaztatu ahal izan zuelako “oinarrizko gizarte-zerbitzuek eskatu ahal zaizkion eskuhartzeak egin zituztela, kexagileari dirulaguntzak emateko eta beste etxebizitza bat bilatzeko aholkularitza emateko”.Era berean, “Arartekoak deitoratu eta arbuiatu egin zituen irainak eta mehatxuak erabiltzea, horiek gertatzen diren esparrua edozein dela ere. Horregatik, elkartasuna adierazi zion bai alkateari bai zerbitzua osatzen duten profesionalen taldeari.
Abenduaren 3ko deklarazio hartzea dela eta, eta azkenaldian ere erasoek hartu duten jitea ikusita, udalbatza osatzen dugun hiru alderdi politikoek urrats bat aurrera egin eta publikoki salatu nahi dugu alkatea eta gizarte langileek pairatzen ari diren erasoa, presioa eta jazarpena.
Aurrez esandako guztiagatik, Usurbilgo Udalaren Osoko Bilkura osatzen dugun udaleko talde politikook (EHBILDU, EAJ/PNV, PSE-EE) bat eginda, honakoa ERABAKI dugu:
LEHENENGOA.-Usurbilgo Udalak irmoki salatzen ditu herritar honek udal-langile jakin batzuen eta alkatearen aurka egindako eraso bidegabeak eta jasaten ari diren irainak, salaketan aipatzen direnak.
BIGARRENA.-Usurbilgo udalbatzak bere hurbiltasuna eta babesa helarazi nahi die udal langileei eta, bereziki, Agurtzane Solaberrieta alkateari jasaten ari den jazarpenagatik.
HIRUGARRENA.- Udalaren Osoko Bilkurak alkateari jazarpena, mehatxuak eta irainak egin dizkion herritarraren aurka hasitako ekintza judizialak babesten ditu. Ekintza horiek beharrezkotzat jotzen dira erakundearen eta haren ordezkarien duintasuna babesteko, bai eta udalerrian ordena eta bizikidetza baketsua berrezartzeko ere.
LAUGARRENA.-Alkateari ahalmena ematea, zuzenbidean ahal bezain zabal, aipatutako langileak eta udalaren interes publikoa defendatzeko bidezkoak diren legezko ekintza guztiak, penalak barne, egikaritzeko, eta horren emaitzaren berri ematea udalbatzari.
BOSGARRENA.- Herritar guztiei errespetuzko eta duintasunezko ingurune bat eraikitzen laguntzeko eskatzea, edozein jazarpen edo eraso mota baztertuz.
Usurbilen, 2024ko azaroaren 28an.